GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Marina Guino eta Unai Txurruka (*) SEPCko eta IAko bozeramaileak

Borrek ez dute ikasle borroka isilaraziko

Bologna prozesua inposatu nahi dute beste batzuek. Eta joan den asteazkenean eta azken urteetan ikusi den bezala, bost axola zaie nola edo noren gainetik

Nor beldurtu zen joan den astean jaso genituen irudiak ikustean? Nor ez zen beldurtu? Polizia ageri zen. Polizia asko; baina ikasle gehiago.

Bartzelonako Unibertsitatean, Bologna prozesuaren eta beronen inposaketaren aurka, azaroaren 20tik fakultatean itxialdia egiten ziharduten ikasleak ateratzera bidali zituen mossoak bertako errektoreak. Mossoek, beraien lana egite aldera-edo, ikasleak inongo justifikaziorik gabe eta inpunitate osoz jipoitu zituzten. Unibertsitateko ateak itxi zizkieten ikasleei. Unibertsitate publikoko ateak itxi zizkieten bertako ikasleei. Eta ikasleek protestan jarraitu zuten. Fakultate barruan ziharduten bezala, inposaketaren aurka, unibertsitate eredu merkantilista eta globalizatzailearen aurka, autoritarismoaren aurka protestan jarraitu zuten. Beste unibertsitate baten alde borrokatzen jarraitu zuten. Nahiz polizien borrek min eman, nahiz errektoreak Unibertsitateko ateak itxi, nahiz ikasleak atxilotu, nahiz epaitegietara bidali.

«Fora els mossos de la Universitat!» esaten zuten garrasika Bartzelonako ikasleek asteazkenean. Baina badirudi, norbaitek ez duela ulertzen. «Indar poliziala campusetik kanpora!» oihukatzen da Euskal Herrian, baina badirudi hemen ere norbaitzuek ez dutela ulertzen. Badirudi zaila egiten zaiela ulertzea horrela ez doazela inora. Ez dutela ezer lortuko. Polizia baten borrak inoiz ez duela ikasle baten ahotsa isilaraziko. Askoz gehiago balio dutelako gure aldarrikapenek.

Inposaketaren aurka oihu egiten dugu ikasleok. Eztabaidaren alde borrokatzen dugu. Unibertsitate demokratiko bat eraiki nahi dugu. Elitismoaren aurka oihu egiten dugu ikasleok. Herritartasunaren alde borrokatzen gara. Unibertsitate herritarra eta herriarena eraiki nahi dugu. Full-time ikasle profilaren aurka oihu egiten dugu ikasleok. Kritikotasunaren alde borrokatzen gara. Ikasle askeak sortuko dituen unibertsitatea eraiki nahi dugu. Unibertsitate espainol eta frantsesen aurka oihu egiten dugu. Unibertsitate euskalduna eta katalana eraikiko ditugu.

Alta, Bologna prozesua inposatu nahi dute beste batzuek. Eta joan den asteazkenean eta azken urteetan ikusi den bezala, bost axola zaie nola edo noren gainetik. Ikasleon hitzari muzin egin, eta aplikazioarekin jarraitu baino ez dute nahi. Bidean ikasleok jarriz gero, Polizia da ikusten duten aukera bakarra.

Bada, jakin dezatela Països Catalansetik, Euskal Herritik eta munduko beste herri asko eta askotatik ikasleon oihuak adituko direla. Gaur Països Catalanseko ikasleak kalera irten diren bezala, jarraituko dugula, Euskal Herrian edo Grezian edo Zaragozan eta Galizan, Norvegian edo Berlinen bestelako unibertsitate baten alde borrokatzen.

Ez gara isilduko. Egiten dugun horretan sinesten dugulako egiten dugu. Arrazoia daukagula uste dugulako borrokatzen gara, eta arrazoia daukagula agerian geratzen ari delako bidaltzen dute beste batzuek Polizia gu isilaraztera. Bada, ez dute lortuko.

Ikasle borrokak errektore baten aginduak eta polizia baten borrak baino askoz gehiago merezi duelako. Balio duelako.

Erasoen gainetik, bestelako unibertsitate eredu bat eraikiko dugu.

(*) Marina Guino eta Unai Txurrukarekin batera David Carmona eta Ainhoa Mendibil SEPCko eta IAko bozeramaileek ere izenpetzen dute artikulu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo