GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Zenbat, zenbat, zenbat...

Bortitzagoek edota lausoagoek, ozen salatzen direnek zein ia ahopeka ezagutarazten direnek; batzuek zein besteek astinarazten dizkigute barrenak. Inoiz, sekula ezin baitu pertsona batek pentsa ustez maite duenak min egingo diola, ezin bestela.

Ez zuten ez Izaskunek, ez Milagrosek eta ez Amaiak, ez Nereak, ez izenik jarri ez diegun guztiek inoiz pentsatuko maitea etsairik handiena bihurtuko zitzaienik, ihesi joan beharko zutenik eta beldurraren beldurra zer den hain ongi jakingo zutenik.

Barrenak nahasten ditu emakumearen heriotzan pentsatze hutsak, hiru seme-alabak hartu, eta senarrari ihesi, alde egin beste erremediorik izan ez zuen Milagros Salazarren kasuak. Baina ihesaren ihesean ere, hark, gorrotoaren gorrotoaz, handinahiaren handinahiaz, aurkitu eta jipoitu egin zuen orduan, bi egun geroago heriotza eragin arte. Horra hor gorrotoz eta bereizkeriaz elikatu denaren azken «balentria». Estatistiken zentzugabetasuna, zenbakien hoztasuna, hain aurreratu sentitzen dugun gizartearen porrota utzi ditu agerian azken kasuak eta, zergatik ez, hain «sentsibilizatu» aurkezten diren askoren hipokrisia. Ez da nahikoa senarrarengandik ihesi irten behar izatea eta sekulako jipoia jasatea kalera irteteko, bost minutuko isilunea merezi izateko. Nola bada? Ia eguneroko «eginbehar» bilakatuko litzaieke. Gehiegitxo, ezta?

Kasuak, baina, mahaiaren gainean jarri ditu makina bat galdera aldrebes: Zenbat emakume bizi dira beldurrez? Zenbat sentitzen dira zapalduta? Zenbatek egin behar izaten dute etxetik eta bere ingurutik ihes? Zenbat isilpeko heriotzen atzean dago hainbat gizon «handiren» txikitasuna? Zenbat eta zenbat...? Eta «zenbat» horien guztien aurrean zenbat egiten dugu? Zenbatetan jarri gara gure ingurura begira? Zenbatetan erreparatu dugu gure harremanetan eta onartzen ikasi dugun horren sustraietan? Zenbat utzi dugu hausnartzeko? Zenbat egiten dugu? Eta zenbat dugu oraindik ere egiteko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo