GARA > Idatzia > Kirolak > Osasuna

Atleticoren aurka jokatu ahal izango du Sergiok, arazo fisikoak gainditu ostean

GARA | IRUÑEA

Albiste on eta txarrak, bietatik egon zen Osasunaren lan-saioan, Sergio eta Dadyren eskutik.

Ona asturiarrari egokitu zitzaion, izan ere, alta jaso zuen azken partida arazo fisikoak zirela-eta jokatu gabe geratu eta gero. Atleticoren aurka jokatzeko prest egongo da, beraz. Ez du zorte handirik izan Sergiok Osasunara heldu zenetik, Iruñean egin duen lau hilabeteko epean hiru lesio izan baititu giharretan, defentsa gorritxoen «madarikazioari» jarraituz.

Eguneko albiste txarra, bestetik, Dadyk eman zuen. Edo, hain zuen, atzo egin zioten erresonantziak, erdilariak elongazio bat duela erakutsi baitzuen. Dadyk hutsuneen zerrenda betetzen du, Roversio, Sunny eta Patxi Puñalekin -zigortuta dago nafarra- batera. Ikusteko dago, gainera, zein egoeran heltzen diren internazionalak.

Arazo gutxiagorekin helduko da Atletico neurketara, Pereak belauneko lesioa gainditu eta normaltasunez lan egin baitzuen atzo. Antonio Lopezek, berriz, ezin izango du jokatu, azken partidan sufritu zuen mikrohausturaren ondorioz.

Gogoz ekingo diote talde biek partidari, alde bietako jokalariek azaldu dutenez. Osasunari dagokionez, «aurkari zuzenen arteko norgehiagokak daudela aprobetxatu behar» dutela uste du Ludo Delportek, «Atletico gaindituz, denek ezingo baitute irabazi». Zuri-gorrien aldetik, partida «finaltzat» hartuko dutela adierazi du Assunçaok. «Aurkari gogorren aurrean jokatu ondoren, Mallorcarekin galdu genuen eta ezin dugu horrelakorik errepikatu» , esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo