GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Izen handiko batzuk ere lehian sartzera doaz

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran, hirugarren kanporaketako bi norgehiagoka jokatuko dira. Etzi, Lekunberrin arituko dira 19.00etatik aurrera, eta igandean, berriz, Beran, 12.00etatik aitzinera.

Lehiaketa honetan izen garrantzitsu batzuk ere sartzera doaz, eta horrek txapelketaren garrantzia indartu egingo du. Larunbateko saioan zortzi aizkolari arituko dira, eta igandekoan hamabi, baina bakoitzetik bik bakarrik egingo dute aurrera, bigarren fasea hil honen amaieran hasteko asmoa baitute antolatzaileek.

Lekunberrin bilduko dira Etxebeste, Ugarteburu, Saralegi, Olano, Jauregi, Patxi Mindegia, Barberena eta Mugertza II.a. Ikusten denez, izen ezagun ugari lehiatuko dira, eta txartelak gutxi izango dituzte aurrera egiteko. Probak laburrak izango direla kontuan hartuta, gutxien uste duenak egin dezake aurrera, baina agian faboritoetako bat Patxi Mindegia izan liteke. Miel Mindegiaren semearentzako lan laburrak oso aproposak dira, baina honelako lanetan ezusteak ere askotan izan ohi dira.

Igandean, berriz, hamabi izango dira lehian arituko direnak. Rodriguez II.a, Rodriguez I.a, Mugertza III.a, Beltza, Txapartegi, Senosiain I.a, Mugertza I.a, Ohian Larretxea, Xabier Mindegia, Kañamares II.a, Castro eta Mujika, nahiz eta hau min hartuta dabilenez, parte hartuko duenik ziur ez dagoen.

Saio honetan ere izen ezagun asko arituko dira, eta faboritorik ez da agertzen. Garbi dago edonork irabaz dezakeela. Lan laburrak egin beharko dituzte, eta bi besterik ez dira izango aurrera egingo dutenak, beraz, hemen ere ezusteak izan litezke. Hor Beltza agertzen da, aurreko bi kanporaketetako onena izan da bera. Lan mota hau primeran datorkiola erakutsi du, eta Berara galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin joango da, eta bera ere kontuan hartu beharrekoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo