GARA > Idatzia > > Kultura

Zup auzoaren 40. urteurrena, Breueren urtea

Breuer, arkitektura modernoaren ikurra

Baionara inguratzen den orok bi ezaugarri nagusi ditu gogoan: katedralaren bi erpinak eta ZUP auzoko zazpi eraikin erraldoiak. Katedrala, monumentu historiko izendatu zuen Unescok; ZUP, aldiz, Baionako herritarrek baztertu nahi izan duten gunea da. Alta, Marcel Breuer (1902-1981) XX. mendeko arte modernoaren arkitekto mitikoak egin zuen. 2009a Breuer-i eskainitako urtea izango da.

p034_f01_122x148.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Lauki itxurako zazpi eraikinez osatuta dago ZUP auzoa. Hamaika solairutan mila eta ehun etxebizitza biltzen dute hormigoi hutsez egindako eraikin horiek. Etxebizitza sozial horiek 1968 eta 1970. urteen artean eraiki ziren, garaiko Marcel Breuer arkitekto ospetsuaren eskutik. Gaur egun, badirudi Baionako herritarren irudimenean bazterturiko auzoa dela ZUP. Etxebizitza sozialak banatzeaz arduratzen den HLM egiturak, esate baterako, esan ohi du etxebizitzak eskatzeko orduan herritar gehienak edonon bizitzeko prest daudela, ZUP auzoan izan ezik.

Alta, XX. mende erditsuan modernitatearen ikur nagusietako bat izan zen eraikuntza hori. Baionako Herriko Etxeak jatorrizko irudia berreskuratzea erabaki du, 2009. urtea Breuer arkitektoari eskainiz. Baionak egindako XX. mendeko arkitektura ondarearen bilketaren karietara bideratua izan da ekimena.

Marcel Breuer, 1902an Hungarian sortua, arkitekturaren arloko mugimendu modernoaren ordezkari nagusietarikoa izan zen, eta 1970eko hamarkadan AEBetako sortzaile formalista handien belaunaldiko bultzatzailea. Lehen urratsak eskulturan egin zituen, eta arte horretan trebatu nahian Vienako Akademian hasi zituen ikasketak. Bertan eskaintzen zen irakaskuntzarekin etsitua, Wassily Kandinsky-k Alemaniako Weimar herrian sortu berri zuen Bauhaus abangoardiako diseinu eta arte eskolan sartu zen, eta bertako ikaslerik esanguratsuena bilakatu zen.

Nazien agintaritzan, bera judua izanik, Londresera erbesteratu zen Breuer, 1933an, eta ondotik, 1937an, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen.

Breuerentzat sorkuntzak «bere funtzioa eta egiturak bermatzen duen funtzioa» adierazi behar du, hau da, «bizimodu modernorako ezinbestekoak diren dispositiboak izatea, besterik ez». Ildo horiek izan dira haren artearen ezaugarri nagusiak. Horrela, Berlinen kokatu ondoren, diseinutik arkitekturara jauzi egin zuen, eta bide horretatik jarraituz, arkitektura modernoko mugimenduaren izen nagusietako bat bilakatu zen. XX. mendearen erdialdean agerturiko mugimendua zen hori, eta apaindura minimo eta forma geometriko zein erabilgarrietara itzultzea zuen xedea.

Besteak beste, Le Corbusier eta Mies van der Rohe arkitektoen bidetik jarraitu zuen, beraz, Breuerrek. Haren eraikuntza nagusien artean, 1953an Parisen egindako Unescoren egoitza dago. Eraikuntza horrek bultzada eman zion, eta garai horretan Brutalismo izeneko mugimenduarekin bat egin zuen. Jatorrizko enkofratuaren aztarnak agerian uzten dituen forma geometriko ertz anizdunak eta errepikakorrak baliatzea da Brutalismoaren xedea. Baionako ZUP auzoak, izan ere, Brutalismo mugimendu horren ezaugarri nagusiak biltzen ditu .

Unescoren egoitzaz gain, New Yorkeko Whitney museoa, Cannes herriko IBM zentroa, eta elizak ere eraiki zituen, horien artean, nabarmentzekoa, Minnesssotako Collegeville herrian dagoen Saint John's abadia.

Baionako Santa Gurutze auzoko etxebizitza sozialen proiektua 1970. urtean egin zen, garai horretan izandako bizilagun emendatze etengabeari aterabide bat emateko. Lapurdiko hiriburuak 45.000 biztanle bildu zituen epe laburrean, eta, Henry Grenet garaiko alkate eta egungo auzapezaren aitak egitasmo esanguratsu bat plantan jartzea erabaki zuen.

Garai horretako Pariseko agintariek Marcel Breuer arkitektoa inposatu zioten, eta, azken horrek, hamasei kuboz osaturiko eraikuntza multzoa marraztu zuen. Horietarik zazpi eraiki ziren. Berrogei urte bete dira, beraz, Breuer arkitektoak, obra horren bidez, Baionako paisaian bere aztarna utzi zuenetik. Luzaz ahantzia eta baztertua izan bada ere, auzoak Baionako herritar oro markatu du bere erraldoi izanaren izanez. Gaur egun, Baionako Herriko Etxeak XX. mendeko arkitektura ondare hori balorizatzea erabaki du, eta lehen urratsa izan da Baionako Bonnat museoko Le Carré gunean «ZUP2» deitu erakusketa zabaltzea.

«Museoan ipintzea jadanik auzo horri buruzko ikuspegia eta irudia aldatzea da», nabarmentzen dute Museoko arduradunek. «La ZUP au Carré, une exposition de papier pour un grand ensemble de béton» izeneko erakusketak ZUP eraikuntzak Baionan utzitako aztarnak goraipatzen ditu: «Hiriko geografia eta historian eragin handiko aztarnak utzi ditu».

Philippe Jacques eta Karen Garbier arkitekto eta artistek bideratu dute lan hori, eta ZUP auzoaren aipamena hiru etapetan egitea erabaki dute. «Paperezko erakusketa bat hormigoizko eraikin handi batentzat», izenburuak argitzen duen erara, bi egileek «ZUP auzoaren beste ikuspegi bat» zabaldu nahi izan dute. «ZUPek utzitako aztarnak hainbat arlotan hedatzen dira: eraikin horien kokagune berezia, beraien presentzia enigmatikoaren kokapena Ipar Baionako paisaian, eta, azkenik, eraikinak markatu dituen belaunaldi ezberdinetako bizilagunek bizitakoa», nabarmendu nahi izan dute egileek.

Le Carre erakustokian barnatu orduko Marcel Breuerrek eratutako eraikina agertzen da. Kartoian marraztatutako zazpi lauki handi nabarmentzen dira erakustokiko lehen solairuan. «Marrazki horren bidez hasi da dena. Eta, erakusketan eskainiak diren egoera ezberdinen arteko lotura egiten du», gehitzen dute egileek. Zazpi panel horiek Bauhaus Eskolan baliatzen ziren kolore ilunekin tindatuak dira. Horiekin batera, ZUPeko argazkiak ageri dira egitura osoan zehar zintzilik, eta, auzo horretan dagoen bizia goraipatu nahian, erridauak zintzilikatu dituzte. Bizitasun hori indartzeko hormetan ondoz ondotik jarri dituzte biztanleek egindako adierazpenak. Hala, esaldiz esaldi, Baionako herritarrek auzo horretaz duen ikuspegia azaltzen da. «Jouandin ibilbidea, Biarritzen balitz, ZUPen bizitzea chic litzateke», «ZUPen segurtasun arazoak dira», «ZUPetik joan naiz, eta berriz itzuli naiz», edo, «Irudi txarra dauka, bere historiak ez du auzoa goraipatzen» irakurtzen ahal da hormetan jarriak diren paneletan, eta, erakusketaren bisitan aurrera egin ahala hitzok errepikatu egiten dira. Bigarren solairuko lehenengo gelan, eraikin horretako apartamentu baten planoa agertzen zaio ikusleari. Ganbera bakoitzean 1964 eta 1968. urteetan arkitektura aldizkarietan agertu diren testuetako pasarteak irakur daitezke.

Eta, betiere, auzokideei hitza eman nahian, herritarrek erabiltzeko arbelak ere kokatu dira. Horietako batean bisitari batek eraikina marraztu, eta, bere etxearen kokapena argitu du, etxebizitza horien handitasuna eta anonimotasuna agerian jarriz. Azken gelan, Philippe Jacques eta Karen Gerbier antolatzaileek hiri baten garapen horizontalari buruzko hausnarketa egitera eraman nahi dituzte ikusleak. Mila eta ehun paperezko etxe zuri txikiz jositako gela handi bat ikusten da bertan, ZUP eraikina bera, lur eremu zabal batean hedatuko balitz eta Baiona osorik estaliko balu bezala.

Erakusketa ez da antolatutako ekimen bakarra. Urte osoan zehar mahai-inguru, hitzaldi, auzoko bisita gidatuak eta beste hainbat ikusgarri egitekotan dira.

«Wassily chair», bere lehenengo sorkuntza arrakastatsua

Weimarreko Bauhaus Eskolan zegoelarik, diseinuan aritu zen gehienbat Marcel Breuer. Ondotik, Eskolako diseinu-tailerreko zuzendaria izatea lortu zuen. Garai horretan sortu zuen Breuerrek gaur egun aulki klasikoa bilakatu den aulki iraultzailea. «Wassily» aulkia edo B3 modeloko aulkia izendatua. Diseinuaz gain, Breuerrek baliaturiko materialek egiten dute berezi: larrua eta altzairuzko hodiak.

Bere txirrinduari begiratuz bururatu zitzaion altzairuzko hodiak baliatzeko ideia.

1960ko hamarkadaz geroztik aulki hori seriean ekoitzia izan da, eta gaur egun, material horren erabilera guztiz hedatuta dago. Breuerrek aulki horri esker ospe handia lortu zuen diseinatzaile gisa. Aulkia “Wassily” izendatua izan da, Wassily Kandinsky-ren etxerako egin zuelako. Baina ez zen hala izan. Kandinskyk aulkia oso gustukoa izan zuela-eta, bere etxerako berdintsua egitea eskatu omen zion. 1925an egin zuen aulkia, eta, usu baliatu izan dute besteak beste, zinemagileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo