GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzaleko militantea

Maitasunaren lurrikara

Euskal preso eta iheslarien egoera errotik aldatzeko, denon artean lurrikara sortu beharrean gaude gizartean kontzientziak astinduz

Durangoko Landakon, igande eguerdian neurtzerik egon baldin balitz maitasunaren beroa, honek termometroa hautsi egingo zuen, han aurkitzen baitzen maitasunaren epizentroa.

Hara inguratu ginen euskal preso politiko eta atzerriratuen lagunok bizi izan genuen goiza ez da berehala ahazten den horietakoa.

Gure inguruan blaiturik, emankortasunaren irudia garden agertzen baitzitzaigun. Norberarentzat ezer eskatu gabe dena ematen dutenen irudia, senideena, alegia: bikotekidearena, amarena, aitarena, semearena, alabarena, aitona eta amonarena ere... Hau handitasuna!, nioen nirekiko.

Hor daude zutik, tinko, bihotzaren taupadei eutsi ezinik, kopeta altxatuta, irribarrea aurpegian, begia dir-dir malko bat edo bestek aurpegia bustitzen diela sarrerako atetik agertokira bidea egiten, «euskal presoak etxera» dioen maindirea eskuetan, kinkeak argi eginaz: egiaren argia.

Harrotasunez! Maitasunak soilik eskaintzen duen harrotasunaz. Bakoitzak bere etxekoari eskaintzen dion maitasun paregabeaz. Beti prest, dagoen tokira ikustera joateko, musutxo bat kristaletik bidali, irribarre goxoa bota, eta nola zaude? Maite zaitut! esateko besterik ez bada ere, baita infernuko zulora joan behar izango balute ere. Hori da ahalmena! Maitasunak sortzen duen indarra.

Inozoak baino axolagabeak deritzet, preso politiko, iheslari eta haien senide, etxeko eta lagunak terroristatzat jotzen dituztene, politikoki beste izen ozenago batzuk badituzte ere.

Amaren orubea, aitaren etxea arriskuan dagoenean, giltzaperatuari eta iheslariari zor zaion errespetu eta laguntza eman beharrean, haien aurka harrika dabiltzanak, lege bereziak sortzen eta dispertsioa areagotzen batzuk, eta babesten edota txalotzen besteak, arduradun nagusiak dira euskal gizarteak bizi duen hondamendian.

Euskal preso eta iheslari politikoek jasaten ari diren egoerak ondorio larriak ditu dagoeneko beren osasunean, eta zer esanik ez etorkizun hurbilean bere horretan jarraituz gero, baita haien senideentzat ere.

Kontzientzia kontua izango da, baina zaila egiten zait ulertzea, urteak etorri eta urteak joan, nolaz gurea bezalako gizarte esku-zabal, beste herrienganako elkartasun adierazle (emaile...) honek kartzelan usteltzen uzten dituen herriaren alde borrokatu diren hainbat gizon, emakume, neska eta mutil; urte gehien pasa dituzten politiko presoak izan arte. Ohorea al da? Ez, lotsa da! benetako lotsa ia hogeita hamar urteren ondoren kartzelan jarraitzen dutela ikustea.

Tamaina horretako sufrikarioak neurri bereko erantzuna behar luke, euskal gizartearen erantzuna, alegia, barrutik ateratzen den orroa.

Beren etxeetan behar ditugu; Euskal Herriko lantoki eta kaleetan behar ditugu; maite dituztenekin bizitzen behar ditugu.

Bide hau hasteko, ezinbesteko dugu dispertsioa haustea, honen ondorioak gehiago jasan ez ditzagun: hogeita bat preso eta hamasei senide kartzeletako bidean hilak.

Euskal preso eta iheslarien egoera errotik aldatzeko, denon artean lurrikara sortu beharrean gaude gizartean kontzientziak astinduz.

Haienganako maitasunak sortuko duen lurrikararen indarrak mugiaraziko ditu kartzeletako zimentuak. Saia gaitezen! Euskal preso eta iheslari politikoei, eta haien senideei Jokin eta bion izenean muxu goxo bana bihotz erditik. Aupa zuek!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo