GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Ez isiltzeko aukerak eta isilarazteko erak

Eskerrak azken hauteskundeetan Estatu espainoleko errege hautatu ez ninduten. Izan ere, esanak esan, ez da lan samurra. Oporrak baditu, bai, ugari, atsedenaldiak eta bestelako jaiak ere bai, eta soldata ona, edo kristorena... baina lana duenean, gogotik egin behar izaten du. Hala erakutsi zuen ostegunean, Juan Marse idazle katalanari Cervantes Saria eman zionean.

Saritutako idazleak hitza du lanbide, idatzia zein mintzatua, eta haren diskurtsoa osorik irakurri ez badut ere, ziur naiz ona izan zela eta entzun edo irakurri duten askok gustuko izango zutela. Baina Estatu espainoleko erregeak ez du hitza lanbide, ez idatzia, ez -bistan da- mintzatua. Eta, hala ere, edonor harritzeko moduko diskurtsoa egin zuen ekitaldi hartan. Ematen du Victor Morenoren artikuluak irakurtzen dituela, idazle nafarrak salatu ohi dituen topikoak bildu eta gai guztietan, literaturan izan ezik, aditua delako itxura eman baitzuen: Marseren obratik «benetakotasuna eta justiziaren bilaketa» nabarmendu zuen, hala nola haren «trinkotasuna, kemena eta zorroztasuna» edo hizkuntza «urregilearen perfekzioa iristeko lantzen» duela. Baina ez zait horregatik iruditzen harrigarria izan zela, ezta Marse goraipatu zuelako ere (harrigarriago izango zen idazle kaskarra dela esan izan balu), baizik eta haren obra irakurri duelako, eta gaztelaniazko idazle guztien obra irakurri izanak ezinezko samarra ematen duenez, uste izatekoa da katalanak saria irabazi zuela jakinarazi zutenetik, orain dela hiruzpalau hilabete, haren liburuak irakurtzen jardun duela.

Pentsa zenbat liburu irakurri behar dituen gizon horrek egiten dituen diskurtso guztiak prestatzeko, eta ez literaturakoak bakarrik. Hori jakinda, jendeari isilarazteko ohitura etxean hartu duelakoan nago. Irakurgaian murgilduta dagoela neskamea afalordua dela ohartaraztera hurbiltzen zaionean, «isilik egon hadi!» esango dio; andreak biloba bat ikustera doala esaten dionean, berriz, «isilduko bazina, zoriontsu egingo nindukezu»; bilobari «ixo, txikito», eta txakurrak zaunka egiten duenean, «berriro miau entzuten badut, akabatu egingo haut». A, eta tabernan eta estatuburuen bileretan «zergatik ez zara isiltzen?» esaten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo