GARA > Idatzia > > Kultura

Euskaltzaindiak 90. urteurreneko ekitaldia egin du Gasteizen

Araban duen presentzia aldarrikatu zuen atzo Euskaltzaindiak, Gasteizen egindako ekitaldian. Abian da Euskaltzaindiaren 90. urteurrena ospatzeko egitaraua eta datozen hileotan gainerako lurraldeetan ere izango dira urtemugaren harira antolatutako ekintzak.
p040_f01_148x088.jpg

GARA | GASTEIZ

«Erakunde arabarra gara eta Euskal Herri osoa hartzen duen erakundea ere bagara, euskararen inguruan», aldarrikatu zuen atzo Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaltzaindiak lurralde honetan duen presentzia argi uzteko asmoz. Erakundearen 90. urteurrena ospatzeko Gazteizen, Arabako Foru Aldundiaren Jauregian, egindako ekitaldia egin zituen adierazpenok. Urteurren honen ospakizunen egitaraua iaz Iruńean hasi zuten, XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin. Iragarpen argia egin zuten atzokoan: «Datozen hilabeteotan gainerako herrialdetan ere ospatuko du Euskaltzaindiak bere urtemuga».

Arabako gizartearentzat esker oneko hitzak izan zituen Urrutiak. «Eskerrak zuei, egun honetan Euskaltzaindiari laguntzera etorri zareten guztioi», gaineratu zuen. Eta ondoren gonbita zabaldu zuen euskaltzainburuak: «Lan egin dezagun guztiok elkarrekin, euskararen eta euskal kulturaren alde, Araban, Euskal Herrian eta mundu osoan». Asmo horri helduz, urteurrenaren ospakizunak beste herrialdeetan ere egingo dira.

Ekitaldian parte hartu zuten Batzar Nagusietako lehendakari Juan Antonio Zaratek eta Xabier Agirre diputatu nagusiak. Honek eskerrak itzuli zituen, «euskara ikasi eta irakatsi duten guztiei, eta eskerrak euskara eguneroko tresna bihurtzen duten arabar guztiei».

Bestalde, Euskaltzaindia ekitaldiaz baliatu zen bi liburu aurkezteko «Gasteizko Toponimia I (Hiria)» eta Gasteizko Toponimia II ( Malizaeza). Erakundeak argitaratzen duen «Onomasticon Vasconiae» bildumaren 27. eta 28. liburukiak dira, hurrenez hurren. Jose Luis Lizundia euskaltzain oso eta Exonomastika batzordeko burua izan zen bertan, eta harekin bat, Elena Martinez Madina, liburuaren egilea, Henrike Knörr zenarekin batera egindako lana aurkezteko.

LANERAKO DEIA

Andres Urrutia euskaltzainburuak dei zuzena zabaldu zuen atzoko ospakizun ekitaldian: «Lan egin dezagun elkarrekin, euskararen eta euskal kulturaren alde, Araban, Euskal Herrian eta mundu osoan».

BI LIBURU

Ekitaldiaren barruan «Gasteizko Toponimia I (Hiria)» eta «Gasteizko Toponimia II (Malizaeza)» aurkeztu zituzten. Bi lanok Euskaltzaindiaren «Onomasticon Vasconiae» bildumako liburukiak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo