GARA > Idatzia > > Kultura

Ikastoletako 10.000 ikasleek euren liburu gustukoenak hautatu dituzte

GARA | DONOSTIA

Euskal Herriko ikastoletako ikasleek aukeratu dituzte jada euren liburu gustukoenak. Guztira 10.000tik gora izan dira bozketan parte hartu duten gazteak, bakoitzari dagokion zikloaren liburu hautatuena osatzeko.

Hala, Haur Hezkuntzako haurrei Mario Ramosen «Neu naiz ederrena» liburua iruditu zaie onena. Bigarren eta hirugarren postua lortu dutenak, berriz, Ingrid&Dieter Schuberten «Pirata Zaharra» eta Mullerren «Maritxalar eta hiru hartzak».

Lehen Hezkuntzako 6 eta 8 urte bitarteko haurrek, berriz, Chen Jiang Hongen «Han Gan-en zaldi magikoa» hautatu dute. Aipatzekoa da, hirugarren postuan sailkatu dela Juan Kruz Igerabideren «Korri, Sebastian, Korri!».

Toti Martinez de Lezea

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6.erako ikasleek, nahiz eta kategoria ezberdinetan banatuta ageri diren, Toti Martinez de Lezearen «Nur eta irlandar gnomoa» liburua aukeratu dute, eta bigarren sailkatuari boto dezenteko aldea atera dio honek, laurogei inguru.

«Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» eta «Ortzadarra sutan» izan dira DBHko eta Batxilergoko ikasleek hautatutakoak. Bukatzeko, ilustratzailerik onenaren postua Mikel Valverdek jaso du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo