GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iera Arantzamendi eta Unai Larreategi EHEko kideak

Euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun

Euskararekiko lotura, maitasun eta atxikimenduaz gain, beste ezaugarri batzuk erantsi behar dizkiogu euskaldunok gure bizitzari. Alde batetik, hiztun «anormala» izateari uzteko nahia. Bestetik, errealitateari gu garen horretatik, gure mundutik begiratzen ikasi beharra, asimilazio prozesuari ateak itxiz

Euskaraz bizitzea amets dugu milaka lagunek gure herrian aspalditik. Amets horren babesean garatu ditugu hamaika proiektu, deialdi, borroka euskal herritarrok. Horrek ekarri du euskararen sua pizturik XXI. mendera. Hizkuntza, kultura, eta herri txikiek gero eta leku txikiagoa daukaten garai honetan, euskaraz bizi al gaitezke, ordea, geure herrian?

Gehiago edo gutxiago, euskaraz bizi den euskal herritarrik bada gure herrian, zorionez; baina, orokorrean euskaraz bizi nahi eta ezina jasan beharra daukagu euskaldunok. Okerrena, ordea, zera da, normaltasun osoz onartzen dugula euskaldunok ezin garela osorik euskaraz bizi. Euskara bertakoa, propioa, geurea dela diogu, baina, hala eta guztiz, normaltzat jotzen dugu hori horrela izatea. Horrek argi erakusten du euskaldunon asimilazio prozesua aurrera doala, gero eta ohikoagoa dela inporta ez balitzaigu bezala jokatuz norbere hizkuntza alde batera uztea eta gaztelaniaz edota frantsesez jardutea. Euskaldunok hartu dugun bide horrek badu izen bat, hizkuntza sumisioa, eta badu ere zergati bat, euskaldun komunitatearen menpeko izaera.

Menpeko, bigarren mailako izate honek ondorio gordinak dakarzkigu euskaldunoi. Ausartuko nintzateke esatera, hain nagusi eta hain menpeko diren bi hizkuntza jakiteak, bi «ni» garatzera eraman duela gutako bakoitza. Lehenak, erosotasunarekin, ate guztiak zabaltzen dizkigunarekin lotura zuzena du; eta bigarrenak, berriz, arazoekin, deserosotasunarekin. Lehena, erdaraz bizi garenean agertzen da, eta bigarrena, euskara erabili nahi dugunean. Hori horrela izanda, euskaldunak oraindik euskararekiko daukan lotura, maitasuna, atxikimendua miragarritzat hartu beharko genuke. Nahiz eta zenbaitek hori dudatan jartzen duten, menperatze prozesu hori euskaldunari egotzi nahi dieten, nahita edo nahi gabe, euskaldunaren gurutze-bidea elikatuz.

Hori horrela izanik, euskaldunok bidegurutze baten aurrean aurkitzen garela ondoriozta dezakegu: euskararen desagerpenean helmuga duen gurutze-bide honetan segi edota euskararen herria berreraikitzeko bideari ekin. Gure hautua herri euskaldunean aurkitzen da. Bide hori egiteko, ordea, euskararekiko lotura, maitasun eta atxikimenduaz gain, beste ezaugarri batzuk erantsi behar dizkiogu euskaldunok gure bizitzari. Alde batetik, hiztun «anormala» izateari uzteko nahia; beste era batera esanda, euskaraz askatasunez eta osoki bizitzeko hautua egitea. Bestetik, eguneroko errealitateari gu gauden lekutik, gu garen horretatik, gure mundutik begiratzen ikasi beharra, asimilazio prozesuari ateak itxiz.

Hiztunaren normalizazioa bilatzea litzateke ekinbide horien ondorio zuzenena, eta bide batez euskal herritar moduan dagozkigun eskubide kolektibo eta, ondorioz, indibidualen aldeko bultzada ere ekarriko luke. Badakigu euskal herritarrontzat, garrantzi berebizikoa duela hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea lortzea, herri euskalduna berreraiki ahal izateko. Askotan kontraesankorrak diruditen bi bide horiek uztartzen asmatu behar dugu. Inflexio puntua eta gaur egunetik egin daitezkeen lanak elkar elikatzen jarri behar ditugu ezinbestean. Horixe dugu erronka, eta eskubideen defentsa eginaz, ofizialtasuna aldarrikatuz, erasoak salatuz, euskaldunon jokabideak aldatuz, euskaraz bai esanaz, gune euskaldunak indartuz egin nahi dugu. Auzolanean bide horretatik eraiki nahi dugu euskaraz bizi nahi dugunon askapen prozesua.

Euskaldun izatea zein nekeza den zioen batek, baina euskaldun izatea zein ederra den ere esaterik badaukagu oraindik, zorionez. Traba guztien gainetik eta oztopo guztien azpitik, bizi gaitezen bada euskaraz, Euskal Herria berreuskalduntzea denon esku dago.

Bide horretan pauso bat emateko aukera datorren igandean, maiatzaren 3an, izango da Ondarroan. Bertan, Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatuko da, eta euskararentzat arnas gune diren zonalde euskaldunen garrantzia azpimarratzea izango dugu helburu. Pauso bat harago emateko garaia delako, zatoz zeu ere: «Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo