GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

... txerriak amets

Txerria dugu egunotako albiste nagusia. Baina ez prentsako ekonomia orrietan, normala izango zen modura, hauetan administrazio-kontseiluen irabaziek segitzen baitute albistea izaten. Ez, bestelako orrietan da txerria nagusi, osasunari dagozkionetan hain justu. Txerri-gripea. Krisi nagusiaren beste mutur bat. Txerri-krisia. Eta hau kolpea! txerriek jakin ez!. Are gutxiago urdeek!. Aurreko behi eroei hegaztiek hartu zieten lekua albistegietan, eta orain txerriek hegaztioi hartu. Erotik erora, griperik gripe. Ama, ama! gauzak horrela noiz edo noiz marineek hartuko diete txerriei lekua gripearen segida honetan! Horra, Mexikoko herritik dator notizia, txerri bat izan dela gripeak bizia, mutatzen gustura ta kutsatzen hasia, aurretik ustez sano zegoen guztia.

Ahoan mozorroa jantzita ibili behar dute hango hiritarrek, hiriburutzarrean behinik behin. Tira, horren ohitura lehendik daukate hartua, aho bakoitzak mozorro bana, autoek askatutako gasek hiritarren arimarako bidea hartu ez dezaten. Orain, hango mozorroek lan gehiago daukate, ustez txerriek sozializatutako birusa bera ere uxatu beharra dute eta. Eta bada ere hiriburutzarraren inguruko kortetan txerriak ahoa mozorroaz jantzita ikusi dituen misiolaririk. Nondik sortua den ez badakit ere, jainkoak baleki!, ez nau gripe horrenak harritzen. Izan ere, garai batean abeltzainak larreak behar zituen ganadurako, gaur, ostera, korta baino ez. Garai batean nekazariak elikagaiak azokaratzen zituen hurbil; gaur, ordea, produktuak merkaturatzen ditu urrun. Eta gero gripea aldean dugula belarra dastatu ez duen behiari, edo airea gozatu ez duen hegaztiari, edo ezkurra miazkatu ez duen txerriari botatzen diote errua. Ene, ene!. Mexikoko oraingo egoera hain da kontuz hartzekoa non elizetan beraietan ere «funtziorik ez» txartela jarri behar izan duten atetzarrean. Bai, arazoak larria behar du han izan elizak lanuzteari eutsi behar izateko.

Tira, tapaboca esaten omen diote hangotarrek aho-estalki horri. Hau kolpea! euskaldun askok ondo baino hobeto dakigu hori ahoan eroatea zer den, inguruan txerriak ez baditugu ere, hangoak behintzat. Demokrazia-gripea. Eta gripe-aldietan farmazeutikoak pozik, burtsetako indizeak horren lekuko. Gripea nora botika-industria hara. Esaera zaharrak dioenez: txerri goseak ezkurrak amets. Farmazeutiko goseak txerriak amets.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo