GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

DESAFIOA

Mindegiak Larretxeari jokatuko dio apustua

J.L. | DONOSTIA

Miel Mindegiak eta Donato Larretxeak azaroaren 8an jokatuko dute apustua Tolosako zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak hogei enbor 60 ontzakoak erdibitu beharko ditu, eta guztiak, gainera, Mindegiak eraman eta jarri beharko ditu plazan. Alde bakoitzak 12.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Desafioa, azkenean, Ezkurrako aizkolari beteranoak jarritako baldintza beretan jokatuko da, horixe bota baitzuen pasa den astean Mielek. Herenegun ilunabarrerako jarri zuen hitzordua nafarrak, Kantabriko tabernan, Tolosan, eta ikusmina dezentekoa zegoen, zaleek aizkolari bat baino gehiago agertuko zirela uste baitzuten, eta horixe bera gertatu zen.

Mindegiaren deiari erantzuteko prest Larretxeaz gain, Unai Otaño ere agertu baitzen. Ibarrakoa une honetan zigortuta dago, baina zigor hori azaroaren erdialdean amaitzen zaio, eta berak apustu bat jokatuz itzultzeko gogoa ere badaukanez, han agertu zen.

Larretxea berarekin aritu zen, gainera lehenengo hizketan, eta akordio batzuk ere lortu zituzten. Enbor kopuruarekin ez zen arazorik izan, ezta datarekin ere, izan ere Mindegiak hasieran urriaren amaieran edo azaroaren hasieran jokatu nahi zuela esan bazuen ere, aste batzuk atzeratu eta Ibarrakoari zigorra amaitu arte itxaroteko prest agertu zen.

Arazoak, enborrak plazaratzeko ardurekin sortu zen. Mindegiak berak eramango zituela esan zuen desafioa bota zuenean, eta gipuzkoarrak, berriz, erdibana egin nahi zuen, erdi eta erdi eramanda, baina hori Mindegiak ez zuen onartu, eta hor amaitu zen bien arteko jarduna, ez baitzen akordiorik lortu.

Hori amaitutakoan, sartu zen Larretxea tratura, eta Donatorekin ez zen arazorik izan, oso denbora gutxian lortu baitzuten akordioa. Otañorekin hizketan aritu zenean, baldintzak garbi utzi zituen Ezkurrakoak, eta horiek denak onartu egin zituen Larretxeak, beraz, azkenik data eta jokatu beharreko dirua erabaki, eta apustua egina zuten.

Ikusmin handia piztu duen apustua da hau. Mindegiak jadanik 60 urte bete ditu, baina Larretxea bera ere ez da mutikoa, 50 urteetara arrimatuta baitago. Hala ere, egungo onenetakoak izaten jarraitzen dute, eta jendeak hau ikusteko gogo bizia dauka. Orain dela bi urte pasa ere jokatzekotan izan ziren. Orduan ere Mindegiak bota zuen desafioa, Olasagastiri apustua irabazi ostean, baina Ezkurrakoak lesio larri bat izan zuen sorbaldan, eta ez zuten jokatzerik izan. Oraingoan, eta ezeren okerrik ez dela, azaroaren 8an lehiatuko dira Tolosako zezen-plazan.

Herenegun gauekoarekin, urte honetako hirugarren apustua itxi da. Lehenengoa, martxoan jokatu zuten Zubizarretak eta Txikonek, eta bigarrena hil honen amaieran jokatuko dute Otaegik eta Aizpuruk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo