GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Otsoa etorriko al da?

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Otsoa dator! -oihukatu zuen artzainak. Beste artzainek, izuturik, euren artaldeak bildu eta ukuiluetan gorde zituzten eskopeta hartuta otsoaren bila abiatuaz. Otsoaren arrastorik topatu ezean, belardian aske utzi zituzten berriz ere euren ardiak.»

Pandemia dela, krisia dela, langabezia dela, klima aldaketa dela eta batek daki zein beste otso dela-eta, izuaren izuan murgildurik bizi gara. Beldurraren beldur.

«Artzainak `otsoa dator' oihukatu zuen berriz ere. Beste artzainek ardiak ukuiluan babestu eta eskopetarekin atera ziren berriz ere otsoaren bila. Orduan ere, ez zuten otsoaren arrastorik topatu. Eta artzainak, hirugarren aldiz, otsoa zetorrela oihukatu zuenean, beste artzainek, berriro gezurretan ari zelakoan, ez zioten jaramonik egin eta belardian utzi zituzten ardiak».

Otsoaren zain bizitzea otsoa bera baino kaltegarriago izango delakoan, zerbait egin beharko. Eta ba ote dago beldurrak gainetik uxatzeko, irudimena, edertasuna eta lilura baino gauza hoberik? Antza denez, bai. Izan ere, aste honetan, Europa eta Ameriketako mago handienen bilkura izan dugu Barakaldoko Nazioarteko IV. Magia Jaialdian. Munduko mago handienak bildu dira bertan, ez dakit otsoa gugandik urruntzerik izango ote duten, baina irribarreak eta itxaropena ez dira faltan izan behintzat. Eta itxaropenez beteta hasi da Donostiako Gazteen Antzerki Topaketen XX. edizioa ere. Hainbat ikastolatako ikasleek ikasturte osoan landuriko antzezlanak publikoari erakusteko aukera izango baitute hilabete osoan. Eta otsoa inguruan badabil ere, indar eta gogoz beterik datozkigu gure gazteak ate joka. Baina ez gazteak bakarrik, baita Donostiako XVII. Poltsikoko Antzerkia ere. Atzo hasitako jaialdi honek, formatu txikiko ikuskizunez betetzen ditu hiriko zoko eta batez ere, tabernak. Umorea, pandemia bezain azkar kutsatzen den jardunaldi hauetan, hogeita zazpi ikuskizun ikusteko aukera izango dugu aurten, hiri bazterrak irribarrez kutsatuz. Umorea pandemia bezain azkar kutsatuko balitz sikiera...

Otsoa zelatan izanda ere, itxaropena geratzen da beti, eta horixe da, atzo eta gaur, Cirque Éloize taldeak Victoria Eugenia antzokian eskainitako «Rain, como lluvia en tus ojos» ikuskizunak eskaintzen diguna. Zirkua, musika, dantza eta antzerkia originaltasunez biltzen dituen talde hau sortu zenetik, duela hamasei urte, sei emanaldi egin ditu, eta guztiek, munduari bira eman diote. Daniel Finzi Pascak idatzi eta zuzenduriko ikuskizun honek, denborari lapurturiko une izoztuekin eraikitako haurtzaroko memoriaz hitz egiten digu, akrobazia eta poesia nahastuz. Eta otsoaren itzalaren zama arindu nahian, euria euren gorputzean sentitu nahi duten guztiei zuzendua.

«Iluntzean artzainak artaldea biltzera abiatu zirenean, jakin zuten, otsoa bertan izan zela.»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo