GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Hiru neurketa jokatuko dira final-zortzirenak erabakitzeko

Berriatuan, Ataunen eta Kuartangon izango dira asteburuko ekinaldiak, baina Gipuzkoan eta Araban jokatuko direnak izango dira hiruretan garrantzitsuenak.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran final-zortzirenetako ligaxkari amaiera emango zaio gaur eta bihar jokatuko diren saioekin. Datorren astetik aurrera, final-laurdenetako kanporaketak jokatzen hasiko dira aizkolariak. Gaur bi ekinaldi izango dira, eta bihar bakarra.

Gaurko lehen saioa Berriatuan izango da 13.00etatik aurrera. Bertan Nazabal eta Atutxa II.a izango dira aurrez aurre. Nafarra eta bizkaitarra, biak daude sailkatuta, biek Zubiaga menderatu baitzuten. Baina gaurkoan multzoko lehen eta bigarren postua izango dituzte jokoan. Bertaratzen direnek, ordea, 23 urtetik beherakoen neurketa bat ere izango dute ikusgai, Kañamares III.a eta Mugertza III.a neurtuko baitira.

Horrek baino garrantzi handiagoa izango du arratsaldean eta bihar jokatuko diren saioak, bai behintzat maila nagusiari dagokionez. Multzo bakarra geratzen da oraindik erabakitzeko, eta hori izango da gaur eta bihar erabakiko dena. Gaur, 19.30etik aurrera, Ataun San Gregorion jokatuko dute Arrospidek eta Arriak.

Leaburukoak orain arte saio bakarra jokatu du, Rekondoren aurka, eta hura irabazita dago. Gaur gauza bera egiten badu, sailkatuta egongo da, bestela, biharko ekinaldiaren zain geratu beharko du.

Arriak lehenengo saioa izango du gaurkoa. Errezildarrak galdu arren, biharkoa irabaztea nahikoa izango luke aurrera egiteko, baina gaur ere garaipena erdietsiko balu, urrats bat aurrera eman ahal izango luke.

Kuartango

Izan ere, multzo honetan, bihar jokatuko da azkeneko ekinaldia Kuartangon, 12.00etatik aurrera. Bertan Arriak eta Rekondok jokatuko dute. Gaur Arrospide garaile suertatzen bada, Leaburukoa sailkatuta geratuko litzateke, eta baita biharko irabazlea ere. Arriak biak irabazten baditu, bera eta Leaburukoa sailkatuko dira, eta multzoko hirurek garaipen bana eskuratuko balute, orduan bakoitzaren denborak aztertu beharko dira, eta horren ondoren egin ahal izango da sailkapena. Hala ere, Arrospide eta Arria dira faborito.

Gaur, Ataunen, 19 urtetik beherakoen arteko bi neurketa ere izango dira. Ohian Larretxea Olanoren aurka neurtuko da, eta Erasun, berriz, Saralegiren aurka. Bihar eguerdian Kuartangon, maila nagusiko norgehiagoka bakarrik jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo