GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gobernu espainolak abortua arautuko duen lege proiektua onartu du

Azkenaldian ika-mika handia eragin duen abortuaren lege proiektuari bidea zabaldu dio Madrilek. Hamalaugarren astera arte haurdunaldia borondatez etetea libre izango da. Halaber, tutorearen baimenik gabe abortatzeko gutxieneko adina 16 urtetan ezartzen du testuak.

GARA |

Ministro Kontseilu espainolak aurrerabidea eman dio Abortuaren Legearen erreformari; orain Estatuko Fiskaltzak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak osatu beharko dituzte legearen gaineko euren txostenak.

Onartutako testuaren arabera, emakumeek «libreki» abortatzeko eskubidea izango dute haurdunaldiaren hamalaugarren astera arte. Hala ere, gutxienez hiru egun lehenago emakumeak bere eskubideei eta jaso ditzakeen laguntzei buruzko informazioa jaso beharko duela dio testuak. Kasu berezietan, hau da, emakumearen bizitza edota osasuna arriskuan dagoenean edota fetuak kalteak dituenean hogeita bi astera arte luzatuko da abortatzeko epea. Bi kasu hauetan, mediku espezialisten txostena beharko du emakumeak. Epe hori gaindituta, berriz, mediku batzorde batek baimendu dezake abortua emakumeak hala eskatuta, fetuaren kalteak bizitzarekin bateragarriak ez direnean edota gaitz oso larria duenean.

Gobernu espainolak onartu duen proiektuak, halaber, «zerbitzu publiko eta doakoa izan dadin» ziurtatzeko Osasun Zerbitzuan bermatuko dela zehazten du; eta tutoreen baimenik gabe abortatzeko gutxieneko adina, berriz, 16 urtetan ezarri da.

1985eko araua moldatuko duen testuaren gainean askotariko iritziak sortu ditu; zenbaitentzat motz geratu da eta beste batzuentzat, berriz, gehiegizkoa da.

Madrilgo Gobernuak biharamuneko pilularen inguruan hartu berri duen erabakiak ere -errezetarik gabe eta adin mugarik gabe farmazietan zabaltzea- orotariko iritziak sortu ditu. Nafarroako Osasun sailburu Maria Kutzek atzo adierazi zuen farmazialariek kontzientzia eragozpenerako eskubidea baliatu dezaketela pilula ez emateko. Madrilgo Gobernuak, aldiz, farmaziak pilula ematera derrigortuta daudela gogorarazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo