GARA > Idatzia > > Iritzia

Futbol partida batek agerian utzitako egitateak

Aathleticek eta Bartzelonak asteazken gauean jokatu zuten finalak zenbait egitate utzi zituen agerian. Haietako bat telebista publiko espainiarra ezkutatzen saiatu zena: talde bietako zaleek ez dituztela Espainiaren ikurrak, Monarkia barne, batere gogoko. Eta zale horiek pentsamolde askotarikoak izanda, Katalunian eta Euskal Herrian nagusi den sentimendu baten ordezkari direla esateak ez dirudi gehiegikeria. Egitate hori ezkutatzeko ahaleginak, ordea, euskaldunen eta katalanen txistuak ozenago entzunarazi ditu.

Bigarren egitatea sobera ezaguna zen, eta asteazkeneko partidak berretsi baino ez zuen egin. Behin baino gehiagotan izan dugu hizpide Atlhetic kasu bakar eta berezi egiten duen filosofia -bide batez, Athleticen aurtengo balentria oztopatu ez duena-, baina nabarmentzekoa da, era berean, Athleticeko zaleak ere bakar eta bereziak direla, eta ez asteazkeneko erakustaldiagatik bakarrik, baizik eta egoera txarrenean ere beren taldearen ondoan egoten, haren koloreak harro eta nekatu gabe astintzen jakin izan dutelako. Gaur, Bilbon, Athleticeko jokalariak omenduko dituzte. Egia da horrelako omenaldiak txapeldunei egin ohi zaizkiela, baina baita Athleticek asteazken gaueko partida jokatzea lortuta txalpeldunen kastakoa dela erakutsi duela ere. Baina futbol taldeak ez ezik, Athleticeko zaleek ere ondo merezia dute omenaldi hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo