GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Herrian egoterik ez dutenak gogoan izan dituzte Elgoibarren eta Azpeitian

Elgoibarrek eta Azpeitiak hartu zuten atzo elkartasunaren lekukoa eta herrian ez daudenen oroimenez prestatutako egitarau oparoaz gozatu zuten ehunka lagunak. Horrela, Aresek defendatzen duen dispertsioaren erabilpen politikoari elkartasunarekin erantzun zioten.

GARA |

Euskal errepresaliatuekiko elkartasuna loratu da udaberrian eta gure lurraldean nonahi ikus daitezke preso eta iheslarien oroimenez antolatzen diren egunak, elkartasun egunak, alegia. Oarsoaldeko eta Arrasateko ekimenak atzean utzita, Azpeitia eta Elgoibarreko herritarrak hartu zuten atzo lekukoa eta gogoz ospatu zuten herrian ez dituzten horien aldeko jaia.

Korrika abiatu zuten Azpeitian eguna, herri krossa baitzuten 10.30ean. Indarrak hartu bai, baina kirolak ez zuen etenik izan eta herri kirolek jarraitu zuten egunarekin.

Herri bazkariaren aurretik, ehunka herritarrek bat egin zuten «Elkartasunez presoak herrira» lelopean antolatutako manifestazioan. Arratsaldea haurrei eta ausartei eskaini zieten, pailazo jaialdia eta sokamuturra izan baitziren.

Elkartasun Egunari amaiera biribila emateko kontzertuak izan ziren gau partean.

Antzera aritu ziren elgoibartarrak eta Ermua zein Debako herritarrak ere. Azken hauek euren herrietan barrena ibilaldia egin zuten goizean, eta ongietorri beroa egin zieten anfitrioiak eguerdian. Bazkaria eta manifestazioa ere egin zuten Elgoibarren, eta Deskontrol, Hesian eta Kokein taldeen musikarekin esan zioten agur aurtengo Elkartasuna Egunari.

Ares, dispertsioaren balioaz

Elgoibarko eta Azpeitiko herritarrak ajeak jota dauden bitartean, Bilbon eta Hernanin buru-belarri dihardute lanean datorren larunbatean egingo duten Elkartasun Egunerako.

Presoen aldeko protestak ere izan dira, Donostian 290 eta Oreretan 156 herritar bildu ziren herenegun eta 39 atzo Hondarribian.

Bien bitartean, Rodolfo Ares Lakuako Barne sailburuak espetxe politika zein presoen hurbiltze eta sakabanatzea «terrorismoaren aurkako borrokaren parte» direla defendatu zuen harro.

Datozen asteetan, Alfredo Perez Rubalcaba Estatu espainoleko Barne ministroarekin goi mailako bilera egingo duela iragarri zuen Aresek atzo, eta bertan Ertzaintza, Guardia Zibila eta Frantziako Poliziaren arteko koordinazio poliziala indartuko dutela adierazi du Aresek. Horiek horrela, Ertzaintzak Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean lan egitea litekeena dela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo