GARA > Idatzia > > Ekonomia

Jarraipen eskasa izan zuen Ipar Euskal Herrian sindikatuek deituriko protestak

A.M. |

Zortzi sindikatu nagusiek atzo ko deituriko bi orduko mobilizazioak jarraipen eskasa izan zuen. Hezkuntzan eta, oro har, zerbitzu publikoan, lanuzteak ez ziren oso garrantzitsuak izan. Hurbileko TER trenen erdia ibili zen goiz partean. Ekimen nagusia Baionako Herriko Etxearen aitzinean, 300 bat lagunek, eguerdi partean egindako elkarretaratzea izan zen.

«Beti ez da erraza greba deitu eta jendeak erantzutea», esan zuen Jean-François Mentaberri CGTko kideak, enpresetan langileak aurkitzen dituzten oztopoak gogora ekarrita. «Zailtasun» horien erakusgarri, Castoraman beren afiliatu baten kaleratzea aipatu zuen. Atzo bertan, kaleratze hori salatzeko protesta egin zuten saltoki gunearen aurrean. «Sindikalismoa hautsi nahi dute eta ez dute onartzen langileek beren eskubideak eskatzea. Kaleratze horrekin `etsenplua' eman nahi dute eta, bide batez, gainerako langileak izutu mobilizatu ez daitezen», gaineratu zuen Mentaberrik.

Krisia langileen gain

«Langileek krisiaren ardura ez badute ere, arazoak guk jasaten ditugu», jarraitu zuen gobernuak enpleguari eusteko egin ahal duen guztia egiten ez duela nabarmenduta.

Ekainaren 17rako beste «mobilizazio egun handia» prestatzen ari dira sindikatuok, «uda aurretiko azkenekoa».

LABek ez zuen atzoko mobilizazio egunean parte hartu, «egoeraren larritasuna eta orain artean izandako mobilizazioak ikusirik, atzerapausotzat» jo baitzuen. Sindikatu abertzaleak, itsasoz bestaldeko irletan garatzen ari diren ereduaren haritik, «gizarte eragile guztiekin batera mugimendu indartsu eta zabala» eraikitzeko deia egin zuen, baina ez da aintzat hartua izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo