GARA > Idatzia > > Kultura

«Rockumentalak!» zikloari kontzertuak eta argazkiak batuko zaizkio aurten

p041_f01_97x84.jpg

Ane ARRUTI | ZARAUTZ

Iazko arrakastak bultzatuta -lau emanalditan 500 pertsonatik gora bildu ziren- indarberrituta dator aurtengo «Rockumentalak!», Zarauzko bigarren musika dokumental zikloa. Bihartik hasita, datozen lau ostiraletan musikaz gozatzeko aukera izango da hiru modutan: zinema, kontzertuak eta argazkiak. Modelo zineman emango diren lau dokumentalen ondoren zuzeneko emanaldiak izango dira Tarin tabernan, eta Photomuseumen «Rockaren aztarna Zarautzen», herriko taldeei buruzko erakusketa, zabalduko da.

«Ikusten dugu musika kultura ezabatzen ari dela kaletik. Tabernetan gaur egun musika estandarizatua dago. Eta gu horrekin haserre gaude. Horri buelta eman nahi diogu», azaldu zuen Iñigo Artetxe antolatzaileak. Horretarako sortu dute «I love Rock» elkartea. «Urtean zehar hainbat kontzertu eta ekimen antolatzea da gure helburua», gaineratu zuen.

Zinematik zuzenekoetara

Bihar zikloari hasiera emango dion lehenengo filma Grant Geek zuzendutako «Joy Division» izango da, 1980an bere buruaz beste egin aurretik Ian Curtisek gidatutako taldeari buruzkoa. Pelikularen aurkezpenaz Capsula taldea arduratuko da, hain zuzen, ondoren kontzertua eskainiko duen Bilbon finkatutako argentinarren taldea.

Igande honetan Donostian izango dugun Neil Youngek zuzendutako «CSNY: Déjà Vu» dokumentala ikusteko aukera izango da ekainaren 5ean. AEBetan egindako «Freedom of Speech 2006» bira jarraitzen du pelikulak. Bertan Youngen «Living with War» polemikoa nabarmendu daiteke, Bush administrazioari egindako kritika gogorrekin. Don Sincero Irungo musika-sustatzaileak egingo du aurkezpena eta gaueko kontzertua, berriz, Krell talde donostiarraren esku egongo da.

Hurrengo saioa, ekainaren 12an, Sex Pistols britainiarrei eskainia egongo da. Julian Templek zuzendutako «The Filth and the Fury»k, 70eko hamarkadan Londresko kale zikinetan hasi eta mundu osoan arrakasta lortu zuen taldea hobeto ezagutzen lagunduko du, eta Gregorio Galvez irrati esatariak aurkeztuko du. Discipulos de Dionisos donostiarrek jarriko diote ondoren musika gauari.

Euskal talde bati buruzko dokumental batek itxiko du aurtengo «Rockumentalak!» zikloa. Iker Treviñok joan den urtean zuzendu zuen «Itoiz» filma, duela 30 urte Mutrikun sortutako talde mitikoari buruzkoa. Hori guztia bere larruan bizi izan zuen ohorezko aurkezlea izango da egun horretan, Juan Carlos Perez, taldeko abeslaria, Zarautzen izango baita. Blues doinuek jantziko dute gaua ondoren. Belceblues talde bergararra arduratuko da horretaz.

Filmak gaueko hamarretan hasiko dira Modelo zineman, eta kontzertuak, gauerditik aurrera, Tarin tabernan. Bestalde, datorren asteartean, ekainaren 2an, zabalduko da «Rock aztarna Zarautzen» izeneko erakusketa Photomuseumen. 50etik gora argazkitan 60ko hamarkadatik hasi eta gaur eguneraino herrian izan diren taldeak izango dira ikusgai. Hala nola Musika Plazan aritzen ziren Los Algas, Los Montis edo Los Sombras Azules; OK Corral edo Koiwak taldeak; edo gaur egun taula gainean jarraitzen duten Anestesia, Eraso edo Delorean, esaterako. Ekainaren 21era arte egongo da zabalik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo