GARA > Idatzia > > Kultura

Usurbilgo herriak badu leku berezi bat Mikel Laboarentzat

enide, lagun eta herritarrez inguratuta hurbildu zen atzo Mikel Laboa Usurbilera. Jose Luis Zumetaren mural baten gerizpean, ordubeteko geldialdia besterik ez zuen egin, baina han-hemenka utzi zituen iazko abenduaren 1etik are biziago irauten duten ondare musikalaren arrastoak. S

p056_f01_250x112.jpg

Ariane KAMIO

Mikel Laboa hil zeneko seigarren hilabetea betetzen da gaur eta, iazko abenduaren lehenak eraman bazuen ere, atzo Usurbilgo herriak eskaini zion omenaldiak garbi erakutsi zuen abeslari donostiarrak utzitako ondareak are biziago irauten duela. Eguzki gogorraren indarra baliatuta, ehunka lagun elkartu ziren frontoi atzeko plazan, atzotik, Mikel Laboaren izena duen agertokian, hain zuzen.

Lagunen presentzia

Iñaki Salvadorrek bere maisutasuna agertu zuen pianoarekin eta, Josetxo Silgueroren saxofoiarekin bat, Laboaren errepertorioko hainbat kantu berrinterpretatu zituzten, «Txoriak Txori» edo «Izarren hautsa», kasurako. Kantuan, Euskal Kantu Lagunek jardun zuten. Une hunkigarriak izan ziren nagusi ekitaldiaren zatirik handienean. Mikel Laboaren emaztea eta alaba izan ziren ohorezko gonbidatu omenaldian eta, malkoei ezin eutsi, Usurbilgo herritarrek eskainita kantu eta bertsoen lehenengo hartzaile izan ziren. Joxanton Artze idazle eta olerkari usurbildarrak -Laboaren lagun mina, era berean- irakurri zituen poesiek sorrarazi zuten, eguzki gogor haren pean, unerik hunkigarriena.

Mikel Laboak erlazio berezia eta gertukoa izan zuen beti Usurbilgo herriarekin; maiz gerturatzen zen hara, eta aski ezaguna zen herritarren artean. Hala, zendu zenetik sei hilabete igaro badira ere, kantari donostiarrari «mezuak» idazteko aukera zabaldu zen atzo. Omenaldiaren ondoan, Mikel Laboari eskaini liburua, orri zuriz betetako liburua, ireki zen atzokoan. Edonork, bere ideiak, sentipenak edo Laboari helarazi nahi dizkionak liburutegian kokatu kaieran utz ditzake.

Usurbilez gain, ordea, musikagile gipuzkoarrak bere sorterrian, are zehatzago, Donostiako Antigua auzoan ordu luzeak igarotzen zituen. Aski ezagunak dira Matia kalean lagunekin egiten zituen egonaldiak. Horrela, eta omenaldien lerro berberari jarraituz, Antigua auzoko bizilagunek ekitaldi berezia egingo dute datorren ekainaren 12an. Antiguotarrak dantza taldearen ekimenez, auzoko frontoian jaialdia egingo dute; hots, omenaldia baino gehiago, «opari» bat izango da bere ekarpenaz gozatu nahi duenarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo