GARA > Idatzia > > Euskal Herria

ETAren aurka ekiteko eskumen gehiago izango ditu Ertzaintzak

«Barne Sailera gauzak aldatzera etorri naiz», esanez hasi zuen mintzaldia atzo Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek, Gasteizko Legebiltzarrean. ETAren aurka «lehentasunez» jardungo duela-eta, Ertzaintza EAEtik kanpo Guardia Zibilarekin eta Polizia espainolarekin elkarlanean aritzea aztertuko du Rubalcabarekin bi asteren buruan eta Ertzaintzan ere berrikuntzak egingo ditu.

GARA |

Lakuako Barne Saileko buru Rodolfo Aresek atzo Gasteizko Legebiltzarrean esandakoaren arabera, ETAren aurka ekitea izango da berak gidatzen duen sailaren lehentasuna. Horiek horrela, Ertzaintza buru-belarri arituko da lan horretan; eskumen eta ahalmen gehiago izango ditu eta EAEtik kanpo jardun dezan ere negoziaketak hasiko dituela iragarri zuen; xede horrekin, datorren ekainaren 16an Rubalcaba Barne ministro espainolarekin bilduko da.

Polizia autonomikoan sail berri eta bereizia eratzea izango du lehentasun Rodolfo Aresek, Gasteizko Legebiltzarreko Barne Batzordean atzo iragarritakoaren arabera: «Ikerketarako eta terrorismoaren aurkako» sail berezitua eratuko du Lakuak, ETA erakunde armatuaren aurkako ekiteko. Aresen esanetan, berak Barne Saila bere gain hartu badu «gauzak aldatzeko izan da» eta «ETArekiko eta laguntza edo babesa ematen diotenekiko tolerantzia hutsa izango da», gaineratu zuen, ezker abertzalea Legebiltzarrean ez egotea horren erakusle gisa izendatuz.

ETAren aurkako sail berezitua

PSEk Lakuaren gidaritza hartu duenetik egindakoak eta Aresek atzo esandakoa aintzat hartuta, euskal preso politikoekiko elkartasun adierazpenen kriminalizazioak aurrera jarraituko duela dirudi. Urrunegi joan gabe, atzo bertan Villabonan urte luzeetan egon diren euskal preso politikoen argazkiak kendu zituen Ertzaintzak.

Lakuako Barne Sailaren beste lehentasunetako bat Abiadura Handiko Trenaren lanek aurrera jarrai dezaten bermatzea da. Eta AHTren eraikitze lanetan ari diren langileen eta enpresen zein enpresarien segurtasuna bermatzeko «arreta berezia» izango dutela iragarri zuen.

Alde horretatik, Rodolfo Aresek «mehatxupean» daudenen segurtasuna bermatzeko, bai eta Ertzaintzaren komisariena zein polizia autonomikoena ere, Lakuak 2,5 milioi euro helburu hori betetzeko bideratuko dituela ere azaldu zuen.

Baina iragarpen guztietan esangura berezia izan zuena, Barne sailburuak Ertzaintza EAEtik kanpo ETA erakundearen aurka aritu dadin egin nahi duen apustua izan zen. Urteetan egin du EAJk eskaera hori, hain zuzen ere Ertzaintza Schengen sisteman txertatuz Europan aritzeko eskumena izan zezan, baina Madrilek ez du onartu; ez, orain arte.

Beste Poliziekin elkarlanean

Hala, datorren ekainaren 16an Rodolfo Ares Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolarekin batzartuko da bide horiek nola jorratu ditzaketen aztertzeko. Baina baita zeresan handia emango duten beste gauza batzuez ere: horien artean, Ertzaintzak Polizia espainolarekin eta Guardia Zibilarekin elkarlanean aritzeko izan ditzaketen aukerez. Hilaren 16ko batzar horretan, gainera, Guardia Zibileko, Polizia espainoleko eta Ertzaintzako ordezkariek ere hartuko dute parte.

Bestalde, «biktimentzat iraingarriak» izan daitezkeen kartel eta pintaden harira -horrela ulertzen du, besteren artean, euskal preso politikoen argazkien aurka ekitea-, «behar izanez gero» horiek kentzeko zuzenean Barne Sailak hainbat enpresa kontratatuko dituela edota tokian tokiko udalei horretarako beharrezko diru kopurua emango dietela esan zuen.

Luze eta sakon hitz egin ez zuen arren, Rodolfo Aresek garbi utzi zuen Ertzaintzan berrikuntzak egingo dituela eta «ETAren eta laguntza edo babesa ematen diotenen» aurka etenik gabe arituko dela.

...atzo Villabonan

ETAren aurkako borrokan kokatzen du Barne Sailak euskal preso politikoen argazkiak kentzeko erabakia. Atzo, Ertzaintzak Villabonako preso politikoen argazkiak kendu zituen herritik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo