GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Mikel Mundiñano «Zato» Tximeleta taldea

Zatoz Hatortxura! Arrazoiak badira!

Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko... Aspaldidanik entzun izan dugun esaldia. Hitz gutxitan asko esaten duen esaldia. Izan ere, badakigu zein garrantzitsua den herri batek aurrera egin dezan oihu, kantu, irrintziz bidea egitea.

Eta halaxe eginen dugu ekainaren 19, 20 eta 21ean Sakanako Lakuntzan. Elkartasun oihu, kantu, irrintzi bat baino haratago, olatu bihurtuko dugu Hatortxu... Elkartasun olatu.

Azken hamar urteetan etenik izan ez duen olatua, antolakuntza lanetan daudenetatik hasi, muntatze lanetan daudenetatik pasa, tragoak zerbitzatzen dituztenak ahaztu gabe edota taula gainean emanaldia eskaini dugun eta eskainiko dugun musikarion elkartasun olatua. «Guztien aldetik emandako apurrak» sortzen duen elkartasun olatu erraldoi bat, herriak herriari zor dion elkartasun olatua.

Zoriontzekoa bai... eta ospatzekoa litzateke ez baleude hainbat arrazoi egoeraren gordintasunaz jabetzeko.

Baina, abesten, bidea egiten jarraitu du herri honek eta hemen gaude, bizirik. Horregatik, inoiz baino ozenago abestuko du herri honek Hatortxun. Eta entzungo gaituzte A Laman, Mecon edo eta Puerton... berdin Fleury, La Sante edo eta Nanterren... Harresi, horma eta barrote guztien gainetik entzungo gaituzte eta gurekin batera abestu, oihukatu, dantzatuko dute, helduko da elkartasun taupada erraldoi hori behar den lekura, ziur egon.

Badakigu beraz... horrelako ekimen batek behar du tamainako erantzuna eta herriak izan behar du elkartasun olatu horren lekuko. Abestu, dantzatu, oihukatu... aldarrikatu!

«Zatoz, zure ondoko hutsunean nago/ Zatoz, gailurrerantza pausu bat gehiago/ Ta zu, aizu indartu egiten nauzu/ Zatoz, horma zahar hori erortzear dago...».

Besarkada bat lagunok!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo