GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Harro baina triste joango da Juanma Lillo Donostiatik

GARA | DONOSTIA

Azken prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Juanma Lillok Donostian. Partida bat besterik ez da falta denboraldia amaitzeko eta hura jokatu bezain laster, tolosarrak Martin Lasarteri emango dio lekukoa Realaren aulkian.

Etapa bat amaitzearekin batera, balorazioen txanda heltzen da eta, Lilloren kasuan, bi sentimendutan laburbil daiteke: harrotasuna batetik eta tristura bestetik. «Oso harro nago klub honen historian parte hartu izanagatik -aitortu zuen entrenatzaileak- baina, aldi berean, pena handia ematen dit klubaren historian sartzerik ez izateak. Haurtzarotik lorpen horrekin amets egin dut, baina igoera lortu ez izanak eta historiara pasatu ahal ez izateak pena handia ematen dit». Pena horren barruan badago une bereziki gogorra, iaz Mendizorrotzan azken-aurreko jardunaldian jokatutako partida. «Arantza hori ezin izango dut inoiz kendu», onartu zuen Lillok.

Baina tolosarrak, oro har, eta hainbat egoera konplikatu bizi izan arren, azken denboraldi eta erdia zapore mikatzaz ez gogoratzearen alde egin zuen. «Frustrazio maila hain handia da, norberaren begirada ere baldintzatzen baitu, eta gauzak izan direna baino okerrago ikustera eramaten zaitu. Badakizue, esadazu nola begiratzen duzun eta nola ikusten duzun esango dizut -egin zuen gogoeta-. Etorkizunari begira, frustrazio maila hori jaistea eskatuko nizueke, dena poztasun pixka bat gehiagoz begiratzeko».

Lilloren beraren etorkizunari dagokionez, «Reala entrenatu ondoren, ez da erraza betetzen zaituen zer edo zer topatzea», onartu zuen gipuzkoarrak. «Lan egin behar dut, baina ez edozein modutan». Badirudi alternatiba desberdinak dituela eta hautatutakoa atzerrian egon liteke. «Beti izan dut gustuko kulturalki beste eratako proposamenetara gerturatzea eta esperientzia berriak bizitzea. Horregatik joan nintzen Mexikora bere garaian», azaldu zuen.

Hutsune asko

Elxen itxiko du Lillok Realaren aulkian bizi izan duen zikloa eta, taldearen egoera ikusita, ez du erraza izango agurra garaipen batekin ospatzea. Izan ere, zortzi jokalari besterik ez ditu prest neurketari aurre egiteko.

Claudio Bravoren zalantza ere hor da. Atezaina «ondo eta jokatzeko moduan» dagoela esan zuen entrenatzaile tolosarrak, baina medikuekin hitz egingo du lesioa izateko arriskua izan dezakeen neurtzeko. Toño Ramirez izango litzateke ordezkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo