GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Mogelen «Peru Abarca» irakurriz ospatu du Bilbo Zaharrak euskara ikasleen jaia

Bilbo Zaharra euskaltegiak abian jarritako ekimen bati erantzunda, 350 lagun inguru bildu ziren atzo Bilboko Arriaga antzokian, Juan Antonio Mogelen «Peru Abarca» irakurriz euskarari gorazarre egiteko.

p052_f03_097x140.jpg

A. B. | BILBO

Iaz, eta aurrenekoz, Sarako erretore izandako Axularren «Gero» irakurrita egin zuten lehen aldiz «Klasikoen irakurraldia» Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiaren ekimenez. Eta aurten ere modu horretan ospatu nahi izan dute ikasturte bukaera, Markinako parroko izandako Juan Antonio Mogelen «Peru Abarca» irakurrita.

Irakurketa Kirmen Uribe poetak ireki zuen goizeko zortzietan -Alemaniara joatekoak ziren gero, emankizun bat eskaintzera-, eta Pedro Alberdi idazle eta ekimenaren bultzatzaile nagusiak itxi, iluntzeko zortzietan. Batetik bestera, 350 lagun inguruk parte hartu zuen jardunaldian, eta Markinaldeko berbeta jatorrean «Peru Abarca» ozen irakurri.

Alberdiren ustez, «klasikoa errepikatu beharrean, beste bati ekin diogu aurten, gauzak zailtzearren». Modu horretan, «klasiko batetik bestera salto egin eta erronka berri bati ekin diogu, pasarteetan sailkatu, denborak kontrolatu...», eta lana bikoiztuz. «Abantaila ere badu baina, klasikoa aldatu, idazle horri buruz hitzaldiak antolatu eta modu horretan obra astintzen baitugu». Lapurditik Bizkaira, XVI. mendetik XIX. mende hasierara, «salto egin dugu bizkaieraren eta euskarazko nobelaren sorrerara», eta gertu dira hurrengoan ere salto egiteko.

Bakoitza bere zoroak bizi du

Hitzaldiak aipatuta, gogoratu beharra dugu irakurraldi publikoa egin baino lehen, Euskaltzaindiako egoitzan hitzaldi sorta aurkeztua duela Bilbo Zaharra euskaltegiak, «Peru Abarca gaur. Bakoitza bere zoroak bizi dau» lelopean. Adolfo Arejita eta Jabier Kaltzakorta, Koldo Zuazo, eta Anjel Lertxundi eta Yolanda Arrieta izan ziren hiru saioetan hizlari.

Irakurleen artean, Euskal Herriko izen ezagun eta ezezagun mordoa, eta azken hauen artean, gure hizkuntza zaharra berreskuratu eta ikasi nahian dabilen ikasle mordoa. Tartean, baita ONCEko itsuren bat ere, braillez egokitutako ahapaldia irakurtzen. «Iaz ere beste horrenbeste egin zuten, nire ustez, unerik hunkigarrienetarikoa izan zena», aitortu digu Pedro Alberdik, Arriaga antzoki aurrean jarri duten pantaila erraldoiari so. Behin irakurketa bukatuta, Patxi Labordaren gidaritzapean, musika eskolakoek erromeria eskaini zuten Arriaga plazan.

Bestalde, Markina-Xemeingo herriak, «Mogelen lekuak Markina-Xemeinen» bisitaldi gidatuak antolatu ditu iganderako. Peru Abarkaren herria ezagutzeko aukera paregabea.

Peru Abarka eta Maisu Juan, alkarregaz berbetan

Juan Antonio Mogel (1745-1804) Eibarren jaio zen, bere aita markinarra bertan mediku zegoelako, eta Markina inguruan eman zuen bizitza osoa, Etxebarrin apaiztu eta Xemeingo parroko izan baitzen hil arte.

«Peru Abarca» 1802an, hil aurrean idatzi zuen Mogelek, hitz egiten zuen bizkaiera ederrean. Askoren ustez, euskarazko lehen nobela denak (guztiz kostunbrista) hiritar ilustratu eta «ezjakin» bat, Maisu Juan, eta alfabetatu ez baina «Basarte unibertsitatean» hezitako Peru Abarka baserritarra jartzen ditu parez pare. Eta nork bere munduaren ikuskera agertuko diote elkarri, solasaldien bidez.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo