GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Eulitzarraren pagotxa

Politak gero telebistan noiz edo noiz ikusten ditudan dokumentalak! Egunerokoaren lasaigarria! Ez dakit nongo orangutanen sexu-jokoak, badakit nongo tarantulen soinu erakarlea, hartz inurrijaleek inurri gorriekin negoziatzeko duten borondatea, oihan handiko pantera beltzek misiolari ausarta gurutzea eta guzti irentsi zutenekoa, euskal putreen orroek Noaingo aireportuko lasaitasuna urratzen, zebra baten atsekabeak hiri handiko etorbide nagusia zeharkatzerakoan, euskal idi pareak itzelezko haxis-harritzarrarekin zazpi iltze egiten, katamotzak okulistarengana jo behar zuenekoa, sugeak aizkorari aurrea hartu zionean... hunkigarriak, benetan! Denetarikoa ikusi dut dokumentalotan. Horren ustean nengoen behintzat orain gutxira arte. Baina, bai zera! Azkena aparta gero! ETBrako iragarritako aldaketaren lehendabiziko zantzua, seguruenik. Naturaren gaineko dokumentalak albistegietan tartekaturik! Hortxe ikusi nuen lehengoan Amerikako Estatu Batuetako Etxezuriko maizter beltza hango telebista-kate bateko platoan elkarrizketatua. Huntaz eta hartaz kar-kar ari zirela, kazetari lanetan zegoenak New Yorkeko fabeletako kafesne baten prezioaz galdetu zion munduko jendarmeari. Zur eta lur geratu zen maizterra segundo pare batez, zuri, berrikitan Ekialde Hurbilean bonbardatzear duten gaztetxe batean Europako garapen iraunkorrari Islamak egin diezaiokeen ekarpenaz ehunka ekintzaile muhaidinen aurrean etengabeko txalo zaparraden artean emandako hitzaldian ageri zuen aldartearen guztiz bestelakoa agertuaz. Burumakur zegoen horretan, hara non haltzaren fruitua ageri zitzaion aurrean pagotxa, eskuragarri, eskuan ageri baitzitzaion: eulitzarra! Ordurako elkarrizketak beste norabide bat hartu zuen, platoko kamera guztiek eulitzar haren hegaldatzea zuzen-zuzenean segitzen zutela, bira bat bera ere galdu gabe, une batez, eta estreinakoz, planetako jendarmea bazter eta platoko eulia erdigune izan zirela. National Geographic etorri zitzaidan gogora, zirraragarri. Haxe burrunba! Eulia eztiak edo gorotzak erakartzen dutela daukat non edo non irakurria, eta jakin-minean geratu nintzen, beste behin ere. Total, biraka zebilela, eulia diot, dzast! Maizterrak esku bat jarri zion gainean, eta beste bat azpian. Hortxe amaitu zen euliaren protagonismoa, eta maizterrak eskuratu, berriro ere, bakeaz hitz egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo