GARA > Idatzia > > Kultura

Ortzi Murua eta Ane Iturriotz, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan garaile

Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatu zen atzokoan Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Txikien mailan Ortzi Murua azkaindarra izan zen garaile; handien mailan, berriz, Ane Iturrioz urretxuarra.

GARA | ALTSASU

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XXI. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa goizeko hamaiketan hasi zen. Eguraldi lainotuarekin batera, zazpi herrialdeetako ordezkariak puntual azaldu ziren Altsasuko Burunda pilotalekuko hitzordura.

Txikiek eman zieten hasiera egunari, eta beraz, lehenbiziko zazpiek honako gaia emanda osatu behar izan zuten lehen agurra: «Gaur Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak zaudete oholtza gainean». Bigarren zazpikoteari, berriz, gai hau jarri zioten: «Gogoan al duzu noiz bota zenuen zure lehen bertsoa?». Talde hau motelago aritu bazen ere, Maddi Sarasuak honela erantzun zion gaiari: «Lehen saioa egin nuena, hau izan zen Uztaritzen / ea gaurkoa hangoa baino hobeki den ateratzen». Amaieran ofizioka jarduteko unea heldu zitzaien hamalau umeei.

Lan hori amaituta, epaimahaiaren erabakiz, bigarren atalera bertsolari hauek pasatu ziren: Mikel Iturriotz eta Haritz Mujika gipuzkoarrak, Ortzi Murua eta Maddi Sarasua lapurtarrak, Beñat Mendia bizkaitarra eta Eñaut Saldunbide baxenabartarra.

Atal honetan, bertsolariek hitza emanda bertso bat osatu behar izan zuten lehenbizi. Hitzaren eroale zen papera hartu eta hamar segundora Ortzi Muruak ale eder hau eskaini zuen: «Akzioak nola sortuak ziren eskolan dut ikasia / eta sistema jadanik zaigu azkar erortzen hasia / baina berriro ordainduko du langilegoak guzia / ta azkenean aberats dena azkartzeko da krisia».

Azkenik, zortziko nagusian jardun zuten sei umeek. Partaideen agurrak entzun eta lehen bien izenak iragarri ondoren, lehen saioa amaitu zen.

Handiak ere maila onean

Zelandi pilotalekuan bazkari handi bat izan ondoren, arratsaldeko saioa 15.30ean hasi zen. 15-18 urte bitartekoen txanda izan zen. Ezohiko doinu ugari entzun ondoren, saio puntuagarriari hasiera eman zion Fernando Anbustegik. Lehen ofizioan Amaia Iturriotz urretxuarra eta Bixente Hirigarai baigorriarra alaba beraren gurasoen paperean jarri zituen. Alabari parrandarako baimena emanda, guraso kezkatuaren plantak egiten bete-betean asmatu zuen Urretxukoak: «Mundu honetan egoera hauek ez baleude askoz hobeto / guk tortura hau jasan beharra berak ondo pasatzeko».

Bigarren fasera sei bertsolari hauek igaro ziren: Amaia Iturriotz eta Ane Labaka gipuzkoarrak, Peio Ormazabal bizkaitarra, Mattin Luku baxenabartarra, Maiana Irigoyen lapurtarra eta Saioa Alkaiza nafarra. Bertsolari guztiek puntu bati erantzun eta gai bati bi bertso kantatu behar izan zizkieten. Hau zen gaia: «Zu itsua izan zara bizi osoan. Zientziaren aurrerapenak tarteko ikusteko ahalmena berreskuratu duzu. Une honetan kendu dizkizute estalkiak begietatik».

Lanik dotoreenak Amaia Iturriotzek, Ane Labakak eta Saioa Alkaizak egin zituzten. Iturriotzek honela amaitu zuen lehen bertsoa: «joe, amatxo barrutik bezain polita zera kanpotik!».

Saio puntuagarria amaitu, eta azken agurren ostean, Juanjo Respaldizak partaide eta erakunde babesleen ordezkariak oholtzara deitu, eta lehenbizi 15-18 urte bitarteko txapelduna eta txapeldunordea iragarri zituen: Amaia Iturriotz eta Ane Labaka.

Finalari amaiera emateko, noski, txapeldunek agur bana kantatu zuten. Ortzi Muruak honakoa bota zuen: «Txiki-txikitan sartu nintzen ni / gazterik bertso mundura / holakotxea kopla txar batzuk / botaz nengoen gustura / ta Hendaiako bertso eskolan / pasatuz modu neurtura / duela bi urte Altsasura / oroigarri bat eskura / baina jadanik garaipenaren / itzal polita heldu da / eta jaso dut orain burura / orain txapela burura».

Amaia Iturriotzek familiaz eta lagunez oroituz, berriz, honakoa kantatu zuen txapela buruan zuela: «Muxu bat ama, aita, lehengusuk / izeba, aiton-amona / Zarautz aldeko saltsero hoiei / porrazo bat, ez da broma / ta Gorka zuri mila zorion / zure lanak badu sona / Mikel, Maialen, bertso eskola / to besarkada sakona / oholtzatikan agurtu nahi det / maite dedan jende ona / ingurukoek emandakoak / osatzen baitu pertsona».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo