GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

HATORTXU ROCK LAKUNTZAN

Lakuntza, auzolanaren eta borondatearen herria

Hatortxu Rock jaialdi erraldoiaren bigarren eguna eguraldi eder eta giro hobearekin ospatu zen atzo Lakuntzan. Goizean goiztik, kanping eta guzti oraindik ere bertaratzen ari zen jendea ostiraletik jaian zebiltzanekin nahasten joan zen. Atzokoan ere, errepidetako kontrol zenbaezinak jasan behar izan zituen Lakuntzara gerturatu zen orok. Gaurkoa egun berezia izango da, lehenengo aldiz, Hatortxu Eguna ospatuko baita.

p012_f03_358x164.jpg

Ane ARRUTI

Irratiaren doinuekin esnatu zen atzo jaialdiko akanpalekua eta ordu txikietara arte saltoka aritu zirenen buruak non zeuden oso ondo ez zekitela ageritzen hasi ziren kanpinetako kremaileretatik. Hatortxu Rock irratiko uhinak ziren. Izan ere, jaialdia hasi zenetik herriko plazaren ondoan dagoen lokaltxo batetik lanean ari da komunikazio talde esanguratsu bat. Irratian, Hatortxu Irratiak eta Info7-k bertatik egin dituzte euren saioak eta gainera hainbat irrati libreren laguntza ere izan dute. Horrela, Lakuntzan entzuteaz gain, Euskal Herriko txoko ezberdinetan ere heldu da bertako berri. Eztanda Irratia (Sakana), Info7 (Euskal Herria), Txapa Irratia (Bergara) eta Arraio Irratia (Zarautz) izan dira parte hartu dutenak.

Irratiaz gain, 30 pertsona inguru ari dira lanean webgunea (www.hatortxurock.org) etengabe ornituz. Orduz-orduko jarraipena egiteko, azken albisteen kronikak eskaintzen dira. Gainera, gune guztietan zehar argazkiak ateratzen eta bideoak grabatzen aritu dira Hatortxu Telebistako kideak. Webgune honen bitartez ere, Arturo Villanueva iheslari politiko nafarrarekin bideokonferentzia bat ikusteko aukera izan zen ostiralean.

Honek guztiak agerian uzten du Hatortxu Rock musika jaialdia baina askoz ere gehiago dela eta atzetik auzolan bolondres serioa duela. Jendeari galdetu besterik ez dago: «komunak eta inguruak garbi-garbi zeuden lehenengo ordurako eta ikusgarria da jendea nola ari den lanean», adierazi zigun gazte batek. Jaialdiari beldur pixka bat zioten herritar gehienek ere iritzia aldatzeko aukera izan dute. Kalean hainbeste «peto gorridun» ikusteak segurtasuna ematen dietela adierazi ziguten. Endika Alonso antolatzaileak ere bere poza adierazi zuen: «oraingoz ez dugu bronkarik izan eta guztia ederki dijoa. Jendearen erantzuna ere paregabea izaten ari da. Ilarekin izan dugu arazoren bat baina beno, beste guztia oso ondo». Herri gunean patxara lasaiean topatu genituen DYAko anbulantzi gidariak. «Orain arte huskeriak baino ez ditugu artatu behar izan. Alkoholarekin arazorik ez, jendea errodajea eginda etortzen da», aipatu zuten lasai ederrean. Hatortxu Rocken webgunean aipatzen den bezala, (Anto)Lakuntza izeneko herri bat sortu da Euskal Herrian.

Musikariak prestaketa lanetan

Hori guztia aipatuta, ezin ahaztu ordea musikarekin. Eguerdi aldera hasi ziren Sakanako trikitilariak kaleak girotzen eta arratsaldeko 16.00ak aldera Orkrestak hartu zien lekukoa. Kontzertu mardulenak, ordea, 18.00etatik aurrera zeuden iragarrita eta hori Beriain eta Utsaia guneak ireki aurretik sortu ziren jende pilaketetatan nabarmen gelditu zen.

Gainera zetorkienean gehiegi pentsatu gabe eta familia giroan topatu genituen Piperrak taldeko kideak, Beriain guneko eszenatokiaren atzeko kamerinoetan. «Haurrekin eta guzti etorri gara, hemen inguruko nekazal etxe batean pasako dugu asteburua», esan zigun Rufo bateriajoleak. Duela bi Hatortxu egin zuten elkartu ondorengo lehenengo kontzertua eta jaialdiak beraientzat xarma berezia baduela aitortu ziguten. Eguneko kontzertu jendetsuenetakoa eta arrakastatsuenetakoa izan zen ondoren nafarrek eskaini zutena.

Hauek kamerinoan zeuden bitartean, lehenengo kontzertua eskaini behar zuten Koma taldekoak soinu probak burutzen ari ziren erlojuaren kontrako lasterketan. Brigi abeslariak kontatu zigun atzerapenaren arrazoia: «Guardia Zibilek bi kontroletan gelditu gaituzte. Bigarrengoan, furgonetatik traste guztiak ateratzera behartu gaituzte eta modu txarrean, gainera. Baina beno, hemen gaude jadanik».

Ostiralean bezala, Guardia Zibilen kontrolek Lakuntza inguratuta izan zuten egun osoan eta helikopteroz ere etengabe aritu ziren herria zelatatzen.

Irlanda eta kurdistango preso politikoak ere gogoan

Mitxel Sarasketa, 20 urtez preso egondako eibartarra, Aurora Lago Kurdistanen Ikasketa eta Dokumentazio zentruko kidea eta Bik McFarlane IRA erakundeko preso ohia izan ziren atzo Lakuntzako kultur etxean Euskal Herriko, Irlandako eta Kurdistaneko preso politikoei buruz antolatu zen mahai inguruan. Sarasketak, Estatu frantziar eta espainiarrak preso politikoekiko izan duten jarreraren errepasoa egin zuen, kolektiboa hausteko izan diren saiakerak salatuz.

Lagok, berriz, Kurdistaneko egoera ezagutarazi zien bertaratu zirenei. Otomandar Inperioaren erorketaren ondoren, «turkiar identitatearen sorkuntza behartuatik» hasi eta gaur egunera arte, larunbatero, Istambulgo kaleetan biltzen diren «Larunbateko amak» izenekoen elkartasun ekintzak, esaterako.

Bik McFarlane, irlandar preso errepublikar ohiak, preso politikoen garrantziaz hitz egin zuen, batez ere, Irlandako negoziazio prozesuan izan zuten paperaz. Azaldu zuenez, «Euskal Herrian edo Turkian baino hobeto geunden gu, Ipar Irlandako kartzela pare batetan baikeunden guztiak. 800 preso politiko izatera heldu ginen». A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo