GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega Nazioarteko era

Lizaso, mutiletan, eta Garin, nesketan, izan dira bigarren jardunaldiko onenak

J.L. | DONOSTIA

Segan, Almitza elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo Donazaharren, eta Lizaso, mutiletan, eta Garin, nesketan izan ziren bi onenak.

Ipar Euskal Herrian ez da normalean sega saiorik egiten, eta atzokoan askoren arreta piztu zuen, eta jende ugari batu zen saioa ikustera.

Norgehiagoka estua izan zen, batez ere mutiletan. Lehen hiru postuetan, lehen jardunaldiko hirurak sailkatu ziren, baina lekuz aldatuta. Lizaso izan zen onena; lanak amaitzeko 3 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Asteasukoak. Atzetik sailkatu zen Gabirondo, hiru segundotara, eta hirugarren, berriz, Mitxelena, bederatzira. Laugarren postuan amaitu zuen Altzok, 3 minutu eta 52 segundotako denbora eginda, eta bosgarren sailkatu zen Jokin Etxeberria, 4.06eko denbora eginda.

Sailkapen nagusian ere gauzak oso estu daude. Lehen postuan Gabirondo dago 49 punturekin; bigarren, Lizaso, 48rekin, eta hirugarren Mitxelena, 47rekin. Nesketan, ez zen ezusterik izan, eta Arrate Garinek lortu zuen lehen postua. 1.45 izan zen haren denbora.

Bigarren, Antsa sailkatu zen, eta 1.56 izan zen emandako denbora. Hirugarren, Galarraga sailkatu zen, eta 2.21 izan haren denbora. Laugarren sailkatu zen Astondoa eta bosgarren Gorostidi. Sailkapen nagusian, berriz, Arrate Garin doa lehen postuan, 20 punturekin, eta haren atzetik Aloña Galarraga. Saio bat geratzen da Euskal Herriko Liga hau amaitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo