GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

EUSKAL HERRIA ZUZENEAN JAIALDIA

Heletan bizitako besta giroa, errepikatzeko esperientzia

Atzo bukatu zen Euskal Herria Zuzenean festibalak Heletan egiten duen lehen urtea eta balorazioa erabat positiboa izan da. Hiru egunetan bizitakoa hain izan da ona, herriko auzapezak berak ere hurrengo urterako hitzarmena aipatu zuela pentzeetan, plazan musika oraindik entzuten zen bitartean. 22.000 pertsona hurbildu dira hiru egunetan zehar eta ostiralean festibalean egun bakarrean inoiz izandako jende kopuru handiena bildu zen; 12.000 pertsona, hain zuzen ere.

p006_f01_214x132.jpg

Idoia ERASO | HELETA

«Zorionez gara». Elixabet Aizagerre festibaleko presidenteak esandako hitz horiek atzo Heletan bizi izan zen giroaren ispilu argia dira. Nekea ere nabaria zen astebeteko antolakuntza eta hiru eguneko bestaren ondoren. Bestalarien artean giro herrikoia izan zen nagusi atzokoan; ohiturari jarraiki, familien eguna izanik, haurrek, zaharrek eta gazteek bat eginda bete zituzten plaza eta pentzea. Aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonek lehen urtez zuten azpiegitura egokia eta, besteek bezala, ez zuten aukerarik galdu.

Izan ere, herrian izateak aukera berri asko ekarri dizkio jaialdiari eta antolatzaileek ongi baliatu dute hori. Herriko frontoia, lehen egunean zine areto, bigarrenean after hour eta atzokoan Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatu eta laurehun pertsona bildu zituen zikiro janaren jantokia izan da. Bazkarian bertan ere, beste txoko guztietan bezala, giroa berotzen aritu zen Kuxkuxtu txaranga. «Gunea ezin hobea da animazioak egiteko», adierazi zuen Amaia Beloki antolatzaileak.

Kultura leihoetatik ere ateratzen zen. Space Mukaki dantza taldea plazan bere ikuskizuna egiten ari zen bitartean, emakume zahar bat leihora atera eta txalo zaparrada bikaina eskaini zien. «Hunkigarria izan da», esan zuen ikusle batek. Herriak jasotakoa bueltatu zuen goxoki; goizetan antolatzaileengana hurbiltzen ziren zerbaiten beharra zuten galdetzeko.

Herritarren eta antolatzaileen arteko elkarlana paregabea izan da. Presidenteak argiki adierazi zuen ideia izan zen: «EHZ Heletan lehen aldiz izan da eta arrakastatsua izan da, proiektuaren inguruan indar handia egin delako. Lana ez zen eginen Herriko Etxea, heletarrak eta laguntzaileak hor izan ez balira».

Herriko auzapez Philippe Etcheparek antolatzaileen lana azpimarratu zuen: «Niretzako festibala miresgarria izan da. Hainbeste jende biltzeko behar zen kasu eman eta untza egin dute». Herritarren artean ideia hori ere nabarmena zen, baita hasieran zenbait kezka agertu zituztenen artean ere. «Herriko jende asko zur eginda gelditu da, ez zuten holakorik espero», adierazi zuen Larre tabernako Martine Larrek.

Hain ona izan da esperientzia auzapeza hurrengo urteetarako harremanak lotzen hasi zela jaialdia bukatu baino lehen; «izugarri kontent gira. Beste herri batzuk jaialdia hartu nahi ez zutenean guk baietz erran genuen eta orain nahiko dute hartu. Kasu eman beharko dugu ez ote diguten kenduko. Gurekin geratzea espero dut». Jaialdiak Idauze-Menditik joatea erabaki zuenean Heletako Herriko Etxearekin urte baterako hitzarmena sinatu zuten, bi aldeek nahi izanez gero berritu zitekeena. Atzo, aurretik aipatutakoa berretsiz, lau edo bost urtetarako hitzarmena sinatzeko prest agertu zen Etchepare.

«Manu Chao efektua»

Antolakuntza onak, kostaldera hurbiltzeak eta programazioak jendea erakartzea lortu dutela nabarmendu zuten antolatzaileek, baina «Manu Chao efektua» ere aipatu zuten. Horri esker, ostiralean 12.ooo pertsona hurbildu ziren Heletara, EHZ jaialdian marka berria ezarriz eta egun batean inoiz bildutako jende kopuru handiena elkartuz.

Heletan izan ez direnak ere oroitu nahi izan zituzten arduradunek, joan den astean polizia frantsesak atxilotu zituen hamar pertsonetatik zortzik jaialdiaren antolakuntza lanetan parte hartzen dutela nabarmenduz. Gillen Goiti, Eneko Etxegarai eta Ibai Agirrebarenaren familiei sostengua erakutsi nahi izan zieten. «Gurekin izan dira, nahiz eta Heltan ez izan», adierazi zuen Izarne Molina EHZko bozeramaileak.

Musika, antzerkia, tailerrak...

Ehun animazio eta hogei kontzertu inguru zeuden egitarauan, baina filosofia partehartzaile eta herrikoia nagusi zela ikus zitekeen. Tabernetan sartzean abesbatza bateko talde bat kantuz entzun zitekeen, edo gaztetxoek beraien dantzak jendaurrean aurkezten zituzten bitartean ikusleak, txikienetatik handienetara, dantzan parte hartzen. Elkarteek ere beraien kolaborazio txikiak eskaini dituzte, AEKk esaterako kanpalekuetan euskara ikastaro txikiak antolatu ditu. Break dance edo afrikar dantzen hainbat tailerretan, ikasleak kanpoan begira gelditu behar izan dira, toki falta dela eta.

Info 7 irratikoak ere plazan giroa jartzen ibili dira; zuzenean egindako emankizunean, bestalariak eta artistak elkarrizketatzen aritu dira Agin Rezola eta Ekiñe Atorrasagasti. Safaa Arapiyat kantari palestinarrari Eider Elduaienek egindako elkarrizketaren bitartez jaialdiaren nazioarteko espiritu kolaboratzailea ere argi gelditu da.

Musika alternatiboa eskaintzen zuen Erregelu eremuan ere giro alaia bizi izan da jaialdian zehar. Txoko espaziotsua eta intimoa aldi berean, jendez beteta egon da uneoro eta etorkizunean zabaltzeko asmoa dago.

«Ezin hobea izan da dena, bai ikusleen aldetik, kontzertuak beteta egon direlako, baita artisten aldetik ere. Ameriketako Estatu Batuetako talde bat tokiarekin miretsita gelditu eta argazkiak ateratzen aritu zen. Talde euskaldun batzuk ere Euskal Herriko festibal onena dela esan ziguten», adierazi zuen musika programazioaz arduratzen den Joanes Garziak.

Musikan eta ikusleen aniztasunean oinarritzen den festibalaren nortasuna, indarberritua dator

Euskal Herria Zuzenean jaialdia eskaintzen duen musika egitarauaren aniztasunean eta estilo ezberdinen uztarketan oinarritzen da; hala, gurean egiten diren beste makro-jaialdi eta festibalen kontrako norabidea du. EHZ festibala ez da musika mota bakarrera mugatzen eta, horrek, nortasuna eta izaera ematen dio gurean aitzindari eta erreferente den jaialdiari. 14 urteko ibilbide oparoan, festibala ez da inoiz musika mota bakar baten gatibu bilakatu; horrenbestez, rock azkarretik reaggae gozora igaro daiteke musika taldeak agertoki batetik bestera igarotzen diren abiada berean. Hala ere, apustu batzuk ere egin ditu jaialdiak; esaterako, hip-hoparen aldeko aldarria edota joera berriak barneratzeko nahia, betiere doinu eta era askotariko musiken artean. Horrek, ikuslego zabal eta anitza izatera eraman du EHZ urte hauetan guztietan eta egitaraua aberastearekin batera, musika kalitatea ere zaintzen da. Zentzu horretan, EHZk ez du ikusle profil finkorik.

Gazteek osatzen dute jaialdiko multzorik handiena, baina ez da batere arraroa seme-alabak alboan dituzten adineko senar-emazteak nonahi ikustea. Euskal Herriko musika taldeen erakusleiho izateko nahian, agerikoa da bertako taldeen aldeko apustu zintzo eta koherentea. Hasiberriak diren taldeei aukerak ematea eta iparraldeko musika taldeen presentzia nabarmenak, sustraiak non diren ederki erakusten du. Era berean, nazio mailako artistak kontratatzeko orduan dagoen irizpideak, festibalaren aldeko arrazoiak ugaritzen ditu. Izan ere, EHZ ez da soilik musika jaialdi bat. Egun musika munduak hartu duen norabidea ikusita -festibalak agertu eta desagertu egiten dira urte gutxien barruan-, EHZ bezalako ekimen bat urtez urte aurrera ateratzea meritu galanta du. Hori ezinezkoa litzateke ehunka lagunek egiten duten lan militanterik eta musika taldeen inplikaziorik gabe. Manu Chaoren parte hartzeak, azken urteetan festibalak bizi izan duen ikusle beherakada ekidin du, eta aurtengo edizioan Arrosa garaiko kuotak ukitzera iritsi da. Heletan ospatu den lehen festibal honetan, aurrera begira pauso sendoak emateko urratsak eman dira, baita hurrengo urteko erronka berriei indarrez ekiteko ere.

Koldo OTAMENDI

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo