GARA > Idatzia > > Kultura

San Adriango tuneleko indusketa arkeologikoetan parte hartzeko aukera dago

GARA | DONOSTIA

Abuztuarekin, San Adriango tuneleko edo Lizarrateko pasabideko indusketa lanen bigarren kanpaina hasi da (2008an hasitako hainbat zundaketa amaitu nahian), Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta. Indusketek abuztuaren amaiera arte iraungo dute eta ebaluazioen lehenengo fasean egindako lanen ondorioak baieztatzea izango da helburuetako bat. Gainera, kontserbazio egoeraren eta egindako aurkikuntzen garrantziaren mapa osatzen ere saiatuko dira.

Bide batez, arkeologian edo San Adriango tunelean interes berezia duen edonork indusketa lanetan parte hartu ahal izango du, arkeologoen zuzendaritzapean. Eta lanak bertatik bertara ezagut daitezen, indusketa lanek iraun bitartean asteburuetarako, larunbat eta igande, bisita gidatuak antolatuko dituzte, San Adriango tunela izan zenaren eta bere garaian izan zuen garrantziaren berri arkeologoen ahotik jakin ahal izateko. Bi ekimen berezi hauek, jendearen inplikazioa lortu eta lekua eta bere garrantzia hobeto ezagutaraztea dute helburu, eta batean zein bestean parte hartzeko, nahikoa da goizeko hamarretan San Adriango tunelean azaltzea, larunbatean edota igandean.

Erdi Aroko gaztelua

Iaz egindako lehenengo indusketa kanpainan, San Adrianen duela 3.400 urtetik giza okupazioaren sekuentzia osatzea lortu zuten ikerlariek eta hainbat eraikin oso garrantzitsuren arrastoak ere aurkitu zituzten. Horien artean aipagarrienak dira, ostatua, mikeleteen etxea edo gaur egun tunelari izena eman dion jatorrizko ermita.

Beste eraikin garrantzitsu bat da Erdi Arotik galtzada eta igarobidea babesten zuen gaztelua. Gaztelua bera hasiera batean uste baino handiagoa da: hektarea baten zabalera izan zuen, harresiz inguratuta zegoen, eta gainera beste eraikin batzuk ere bazituen inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo