GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Kargo-gurtza XXI. mendeko Lehen Munduan

Hauteskundeek, behin edo behin, oso baldintza zehatz eta berezietan, balio izan dute gerra bat geldiarazi, amaitu edota konponbidean ipintzeko. Baina hamaika adibide aipa daiteke aurka ere

Haurren eta mozkorren ahotik entzuten direla egia galantenak dio aburu zaharrak. Baina noizean behin kazetariren batekin ere suerta daiteke, bi horietako ezein kategoriatan ez legokeenez lehengoan Kabuldik aditu nuen bidali berezia. Ez dut izena emango, ezta hedabidearena ere, hurrengo EREan ez dezaten zerrendaburu ipini, litekeena baita «etxeko nagusietako» inork ikusi ez izana nik irakurri nuena, haren ildo editoriala oso bestelakoa baita. Baina ezin argiago bota zuen: «Afganistango hauteskunde hauek, okupazioan esku hartzen duten herrialdeetako iritzi publikoen barne kontsumorako baino ez dira egiten». Okupatzaileen barne-kontsumorako. Egia galanta. Laburra bezain argia.

Agian bertaraino joanez, batez ere askotan joan eta gero, ekidin ezina gerta daitekeen nazka edo etsipenak emandako zorroztasun horretatik urruti samar nagoenez, interpretazio-molde mordoiloagoa da nirea, eta cargo cult deituarekin lotzen da.

Egitatearen lehen aztarnak XIX. mendean jaso baziren ere, XX.aren erditik aurrera, Melanesiako hainbat gizarte «atzeratutan» Bigarren Mundu Gerrak sorrarazitako sinesmen-jokamol- deak aztertu zirenean finkatu zen esapidea etnologian eta antropologian; eta hortik hedatu da bestelako diziplina batzuetara. Izan ere, gerra amaitu eta urte batzuetara, herri horietako hainbatetan joera bertsua, itxuraz ezin bitxiagoa, kausitu baitzuten ikertzaileek: gerra garaian hegazkinetatik erruz erortzen zitzaizkien (ingurumarietan zebiltzan tropentzat ziren, jakina) emendioak (janaria, tresnak, armak eta abar) berriro zerutik eror zitezen, soldaduei ikusitako jarduerak (irratiz hitz egitea, aerodromo xumeak eraikitzea...) antzezten ahalegintzen ziren erritualki, «espiritu» haiei dei egiteko. Zeruetatik eroritako kargo-fardelen nondik norako guztiz mundutarra (eta koiunturala) ulertzen ez zutelako, noski.

Ni baino burutsuagoek jada egindako gogoeta ugarien ondoren, kargo-gurtza deitu ohi den hori gizarte «primitiboetan» soilik ager daitekeen «bitxikeria» dela deritzoten ustetsuei zuzendu beharreko galdera da: horixe ez beste zer izan dira Afganistango hauteskundeak? Hauteskundeek, behin edo behin, oso baldintza zehatz eta berezietan, balio izan dute gerra bat geldiarazi, amaitu edota konponbidean ipintzeko. Baina hamaika adibide aipa daiteke aurka ere; hots, gerra giroan egindako hauteskundeek ezertarako ez, edo borroka hauspotzeko bakarrik, balio izan dutenekoa. Vietnamgo kontuetan hain aditua den Petraeusek gogoan izango ditu 1967 eta 1971koak, historia liburuetan ere kasik agertzen ez diren arren. Koska, jakina, baldintzetan, testuinguruan datza, eta haiek egokiak ez direnean «hauteskunde-kargoaren» onura ez da zeruetatik erortzen. Afganistango bozketa hauek zerbaitetarako balio dezaketela sinesten duenik ba ote da?

Irrigarriena da Melanesiako cargo cult-ak hobekien ezagutzen dituenetako bat Clare Selgin antropologoa izango dela... Paul Wolfowitzen emaztea duela hamar bat urte arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo