GARA > Idatzia > > Kirolak

ERREMONTEA Casino Kursaal txapelketa

Zeberiok porrotik gozoena dastatu ahal izan zuen

Atzo galdu arren, finalerako sailkatu zen eta Urrutiak, atzoko irabazleak, 33 tanto egin behar dizkio Altunari.

p029_f02_72872.jpg

GARA |

URRUTIA 35
ZEBERIO 33

Gutxitan izango dute porrotek atzo Patxi Zeberiok izan zuenaren zapore gozoa, izan ere, Urrutiari 35-33 irabazi zionez, tanto bakar baten aldeagatik, finalerako sailkatzea lortu zuen. Hala ere, atzoko partidak ere izan dezake ondorio kaltegarririk, batez ere psikologikoak, litekeena baita atzo mendean hartu zuen Migel Mari Urrutia izatea aurkari final horretan.

Saldiasen bizi den atzelaria, aldiz, atzoko garaipenak ez zuen erabat ase, larunbatean dena emanda irten beharko baitu Altunaren aurka jokatu beharreko partidan, izan ere, 33 tanto egin beharko ditu finalean egon nahi badu. Hortaz, asteburu honetako lehiak sekulako interesa izango du.

Azken bi txapelketetako finalistak neurtu zituen atzoko lehiak argi erakutsi zuen bi pilotariek oso ondo ezagutzen dutela elkar eta elkarri errespetu handia diotela. Gauzak horrela, bai batak eta bai besteak ez zuten alerik arriskatu eta piloteoa gogortzea izan zuten helburu.

Zeberio II.ak hasieran alde txiki bat hartu bazuen ere (1-4), berehala eman zion buelta lehiari Urrutiak, baina beti ere alde oso txikiekin. Saldiaseko atzelariak baliabide gehiago erakutsi zituen, baina Zeberiok bere fisiko ikaragarriari probetxua atera zion, eta 13-9 galtzetik, 13-16 irabaztera pasa zen.

15, 20, 23, 24, 25 eta 26 tantotara berdindu izana da partidan izandako berdintasunaren erakusgarri, nahiz eta Urrutiak sakeari esker garaipena eskura jartzea lortu zuen 32-28 aurreratuta.

Elduaineko aurrelariarekin, ordea, sekula ez dago partida irabazitzat ematerik eta bost tantoko bolada bati esker, markagailua iraultzea lortu zuen. Dena dela, finalerako txartela eskuan zuela, modurik okerrenean eman zion amaiera partida bikain horri, sakez falta bat egin eta partida irabazteko ekimena barkatu ez zuen Urrutiari eman baitzion. Ez zuen axola ordea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo