GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Afganistanen talibanak indartsu ageri dira, eta hauteskundeek ez dute demokrazia eraman

Atzo Afganistango Laghman probintzian izan zen atentatu suizidaren ondorioz, 25 bat lagun hil eta dozenaka zauritu ziren. Ohikoak, gero eta ohikoagoak, dira horrelako albisteak, eta horien arteko desberdintasuna hildakoen kopurua eta identitatea izaten da. Atzoko hildakoetako bat Abdula Laghmani Afganistango zerbitzu sekretuetako buruzagiordea zen, eta datu horrek talibanen erasoen ugaritasuna ez ezik, haien eraginkortasuna ere jarri du agerian. Hartara, Obama presidente estatubatuarraren helburu berriak, herrialde hartako egoera konpontzeak, hain zuzen, zaila dirudi, eta oso zalantzazkoa konpontzeko moduaren egokitasunak. Bitartean, pixkanaka iristen ari diren datuen arabera, Hamid Karzaik lortu zituen boto gehien joan den abuztuaren 20ko hauteskundeetan. Bigarren itzulia izan ala ez, okupatzaileek antolatutako hauteskundeek ez dute herrialde hartara demokrazia eramango eta are gutxiago bakea. Atzo hogeitaka hildako izan ziren; bihar-etzi ikusteko dago, baina atzoko, gaurko eta biharko benetako galtzaileak, demokrazia ezaren eta okupatzaileen «demokraziaren» biktimak, ezagunak dira: afganiarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo