GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Talo eguna ospatu dute laugarrenez Leitzan, gastronomiaz, usadioz eta herri kirolez inguratuta

p016_f03_088x072.jpg

GARA |

Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatuta Taloaren Eguna ospatu zuten atzo Leitzan. 10.00etan hasita hamaika ekitaldi zituzten antolatuta. Arto irina, gaztarekin, txistorrarekin, txokolatearekin nahiz onddoekin, bakoitzak nahi zuen bezala.

Villabona eta Saralegi herriko talogileek ireki zuten merkatua, eta hauekin batera hamaika postuz bete zen herriko plaza. Artisauek etxean egindako ezti, sagardo nahiz gaztak izan ziren, baita beste hainbat erakusketa ere. Baserritarrek taloa egiteko erabiltzen zituzten tresnak ere jarri zituzten ikusgai hainbat postutan.

Arto zuriketaren erakusketa ere izan zen. Bi bikotek, adinekoa bata, gaztea bestea, aspaldiko ohituran aritu ziren. Animaliek ere izan zuten lekurik, eta baserriko abere ugari, 30 buru inguru, jendearen begi bistan egon ziren; antzarak, astoak, txerriak nahiz txerrikumeak. Umeek gurdian ibilaldiak egiteko aukera izan zuten.

I. Talo txapelketa

11.00etan egunaren zita handienetako bati ekin zioten, gastronomiaren tartea hain zuzen ere, eta aurtengo Talo Egunaren berrikuntza izan den I. Nafarroako Talo Lehiaketari ekin zioten. Txapelketaz gain, talo plateren erakusketa egin zuten, baita haurrentzako taloa egiteko tailerra ere.

Talo usaina herrian nagusitzen hasi zenean, 12.00 aldera kirolaren tartea hasi zuten, zehazki, herri kirolena. Euskal Herriko Aizkolari Gazteak irten ziren lehenik plazara. Ondoren, Nafarroako Txinga-eroate Txapelketa jokatu zuten, eta herri kirolen jaialdiarekin amaitzeko Euskal Herriko Lokotx Biltze txapelketa burutu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo