GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

«Kiss my ass, GB!»

British Petroleum enpresak Libiako petrolio eta gas tokietan edukiko lituzkeen interes potoloak aipatu dira auziaren sorburutzat, ahapeka lehendabizi eta deiadarka azkenean 

Kudeaketa arazoa -egoera nahasi eta korapilatsuetatik duinki ateratzeko baldarregiak diren kaiku batzuek sortutako endredoa, alegia- dela guztia sinestarazteko egundokoak eta bi egiten ari dira, alde batetik eta bestetik. Baina horrek berak susmarazten dit «Al Megrahi kasua» dei genezakeen horren gakoa ez datzala kudeaketan. Zerbait funtsezkoagoa badela barren-barrenean. Ea ulertzeko moduan adierazten dudan.

Nazioarteko harremanetan, askotan suertatzen dira «kiss my ass» abaguneak. Hau da, aktoreetako batek besteari urrats umiliagarriak emanarazten dizkioneko koiunturak. Batak ahal duelako eta besteak ezin diolako uko egin. Argi dago «egidak muin ipurdian» abagune horietako bat dela une honetan Libia eta Bretainia Handiaren artean bizi dena, 1988an Lockerbieko hegazkina suntsitu zuelakoan zigortutako agentearen inguruan.

Benetako arazoa, haatik, hortik aurrerakoa da. Honelakoak, erabateko garaipen militarren ondoriozkoak ez direnean behintzat, diplomaziaren zoko diskretuetan gauzatzen dira. Hala izan ezean, zapuztuta geratzen direlako. Umilazioa jasatea gauza bat baita, eta munduaren aurrean lotsagarri agertzea beste bat, are okerragoa nazioarteko harremanetan. Kasu honetan, ordea, umilatzaileak -Libiak-, ahalegin guztiak egin ditu Al Megrahiren askapena agerian gera dadin (hori ez litzateke batere harrigarria)... eta, hala ere, umiliatuak -Erresuma Batuak- aurrera jarraitzen du. Zergatik?

British Petroleum enpresak Libiako petrolio eta gas tokietan edukiko lituzkeen interes potoloak aipatu dira auziaren sorburutzat, ahapeka lehendabizi eta deiadarka azkenean. Ziur nago zerikusia badutela, alafede. Baina ez aditzera eman nahi den tenorean. BP, edo beste edozein enpresa, ahaltsua izango baita, baina ez Erresuma Batuko Gobernua, eta haren buruzagi kopetiluna, Gordon Brown, argazkilarien aurrean, Khadafiren ipurdiari muin egiten ipinarazteko adina.

Datu berriak ezagutu ahala (Megrahi askatzeko lehen tratuak 2003an egin zirela dio arestian batek; nora begira zegoen orduan BP?), gero eta zailagoa gertatzen da Robert Fisk kazetariak eskandalua lehertu bezain azkar adierazi zuena arbuiatzea: Lockerbieko hegazkinaren suntsipenean bertan, eta ondorengo ikerketa-mozorroketan, datzala komeria honen bene-benetako gakoa. Hasierako susmo guztien (eta ondorengo hainbat daturen) aurka, ekintza Libiari leporatzeko iruzurrez auziperatutako petxeroa baino ez litzatekeelako Megrahi.

Epaileek jada aske utzi behar izan zuten Fhimah beste auzipetua bezain errugabea, Lockerbiekoan behintzat.

Bide batez, 1990eko hamarkadaren hastapenetan Golkoko Lehen Gerran Saddam Husseinen aldeko «hautu okerra» egiteagatik itolarri diplomatikoan aurkitzen zen Khadafik, Megrahi eta Fhimah pagaburuak Eskoziako epaileen eskuetan ipiniz, orduan Erresuma Batuari ipurdian egin behar izan zion muinaren ordainak eta korrituak jasoko lituzke orain. BPren itolarriei esker. Bere agintaldiaren 40. urteurrena ospatu eta semeari bidea zabaltzen hasteko. Aznarrek oparitu zion zaldiaren gainera igota, agian.

Ulertzekoa ere bada GB eta abarrek nahiago izatea kaikuak bezala agertzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo