GARA > Idatzia > Euskal Herria

Permach, Alvarez eta Aldasorok kartzelan jarraitu beharko dute

Auzitegi Nazional espainolak espetxealdia luzatu die ezker abertzaleko ordezkari Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Juan Cruz Aldasorori. Horiek «ihes egiteko arrisku handia» dagoela argudiatu du epaitegiak. Astelehenean aske gelditu zen Rufi Etxeberriari, berriz, pasaportea kendu diote eta astero sinatzera joan behar izango du auzitegira.
p013_f02_148x108.jpg

GARA |

Joan den ostegunean aztertu zuen Auzitegi Nazional espainolak Joseba Permach, Joseba ALvarez, Juan Cruz Aldasoro eta Rufi Etxeberria mahaikideen behin-behineko espetxeratzea. Fiskalak guztiak kartzelan mantentzea eskatu zuen eta Etxeberriari izan ezik, gainerakoei espetxealdia luzatzea erabaki du auzitegiak.

Oiartzuarra izan da kalera atera den bakarra hurrengo hilabetean behin-behineko espetxealdian gehienez egin ahal diren lau urteak betetzear zegoelako. Permachi, Alvarezi eta Aldasorori dagokienez, ordea, kartzelaldia luzatzea erabaki du. Urriaren hasieran bi urte beteko dituzte hirurek preso eta beren aurka egingo duten epaiketaren inguruko data ez dago oraindik zehazturik.

Alvarez urriaren 2an atxilotu zuten Donostiako estropadetako manifestazioan izan ziren istiluekin lotuta, eta bi egun geroago Segurako polizia operazioa gertatu zen. Sarekada horretan atxilotu zituzten Permach eta Aldasoro ezker abertzaleko beste hainbat buruzagirekin batera.

Auzitegi Nazionalak mahaikideek kartzelan segitu beharko dutela erabaki du, horiek «ihes egiteko arrisku handia» dagoela argudiatuta 10 eta 14 urteko kartzela zigorrak jaso ditzakete-eta. Permach, Alvarez eta Aldasoro 35/02 sumarioan auzipetuta daude beste hainbat lagunekin batera, «ETAren agindupean» aritzea eta herriko tabernen bitartez hura finantzatzea leporatzen diete.

Delitua egiten jarraitu

Epaitegi bereziaren arabera, hiru mahaikideek «Batasunan izandako jardueragatik ETAren parte direla uste izateko nahiko arrazoi daude». Ildo horretatik, hiru politikariak aske utziz gero, delitua egiten jarraitzeko arriskua dagoela ondorioztatu dute.

Estatu espainoleko Auzitegi Nazionalaren ebazpenak dioenez, baliteke Permach, Alvarez eta Aldasoro libre geratutakoan «Batasuna eta hori ordezkatzen saiatzen diren antolakundeek espainiar gizartean presente jarraitzea ETAk bere delituzko jarduerari eusteko».

Bestalde, astelehenean aske gelditu zen Etxeberriari pasaportea atxiki dio Auzitegi Nazionalak eta astero epaitegi batera joan behar izango du sinatzera.

Etxeberria libre uztea erabaki behar izan zuen epaitegi bereziak behin-behineko espetxealdiko gehienezko lau urteak betetzear baitzen. 2007ko urrian atzeman zuten arren, Aldasoro eta Permachekin batera, aurretik auzi bera zela-eta beste bi urte ere eman baitzituen kartzelan, 2002. urteko maiatzaren 3tik 2004ko apirilaren 23ra.

Aralarrek ezker abertzaleko ordezkarien espetxeratzeak luzatu izana gaitzetsi zuen atzo prentsa ohar baten bidez. Salatu dutenez, ez dago ihes egiteko arriskurik «hiru pertsona horiek aspaldi erakutsia baitute herri hau defendatzeko eta hemendik bertatik lan egiteko konpromisoa dutela».

Gaztesarearen auziagatik deklaratu duten lau lagunak aske

Beste lau euskal herritar izan ziren atzo Auzitegi Nazional espainolean Gaztesarearen aurkako operazioaren harira, eta guztiak etxera bueltatu ziren epailearen aurrean deklaratu ondoren.

Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi zuenez, epaileak deklarazioa hartu zien inputatu gisa eta fiskala ez zen agertu ere egin. Epaileak ez zuen inolako neurririk hartu euren kontra.

Hala ere, guztiek inputatuta jarraitzen dute, astelehenean deklaratu behar izan zuten eta aske gelditu ziren beste hiru lagunek bezala. ETAri «laguntzea» leporatzen diete Gaztesarearen webgunean Segi gazte erakundearen zozketen zenbakiak argitaratzeagatik.

Urrirako beste bi euskal herritar deitu dituzte deklaratzera, biak adin txikikoak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo