GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berdintasuna bilatu eta diskriminazioa bultzatzen duten legeak

Gauza bat eragotzi nahi, eta hain justu hura bultza. Horixe da, Maggy Barrere irakaslearen hitzetan, berdintasuna bultzatu nahi duten legeekin gertatzen dena maiz, oinarrian hartzen den ideia «okerra delako». Diskriminazio estrukturala abiapuntua izatea da irakaslearen hitzetan oinarrizkoa.

p018_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Ekonomia arloko gaiak nagusi izan diren arren, zuzenbide arloko kontuak ere aztertu dituzte «Krisi ekonomikoa, generoa eta ordainsaria» izenburuko UPV-EHUren udako ikastaroan. Maggy Barrere unibertsitateko irakasleak jorratu zuen gaia eta aztertu zuen legegintza eta zuzenbide arlotik nola egin daitekeen berdintasunaren alde eta nola abiapuntu egokirik ezean kontrako efektua ere bultza daitekeen.

Hizketaldiaren hasieran, orain astebete, jarri zuen arazoa mahaiaren gainean: «Zer egin gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu nahi duten legeetan jasotako ideia hainbatek emakumeek pairatzen duten diskriminazioa areagotzen badute?».

Bere esanetan, legeetan «tratu berdintasun» kontzeptua baliatzen da. «Tratu berdintasuna zehazten da diskriminazio zuzen edota zeharkakoaren gabezia gisa», argitu zuen. «Diskriminatua sentitzen den emakume batek demostratu beharko du hala sentitzen dela gizon batekin alderatuta eta egoera berdinetan, gainera; gizona jartzen da, beraz, erreferentzia gisa eta konparaketan oinarritzen da». Honek bultzatzen du, irakaslearen esanetan, nagusi den ereduaren asimilazioa beste behin ere; baina bestetik, nahasmen handia ere sortzen du, izan ere, «nork erabakitzen du zer diren egoera berdinak?». «Adibidez, AEBetan haurdun egoteagatik kaleratutako emakumeek diskriminazioa salatzen zutenean, erreferentzia falta zehazten zuten epaietan, hau da, gizonek ezin dutenez haurdun geratu, non bilatu behar zuten egoera berdina, non dago diskriminazioa?».

Aitortu zuen, hala ere, egoerak hobera egin duela, besteak beste, emakumeek egindako borrokak bultzatuta. Zentzu honetan adierazi zuen, emakumeek defendatu behar izan dutela beren burua askotan beren «diferentzia biologikoak» argudiatuz eta «diferentziak beti dira estigmatizatzaileak». Tratu berdintasunean oinarri hartutako diskriminazio zuzen eta zeharkakoaren kontzeptuek beraz, hutsune asko dituztela adierazi zuen Barrerek.

Horregatik adierazi zuen zuzenbidearen bidez bultzatu nahi den berdintasunak oinarri hartu behar duela diskriminazio estrukturala eta hori bere osotasunean garatu, gainera. «Gizon eta emakumeen berdintasunerako euskal legeak adibidez jasotzen du arrazoiak plazaratzean kontzeptu hau, baina gero ez da egikaritzeko bitartekorik jartzen atal dispositiboan, hor ere tratu berdintasunean sakontzen da», adierazi zuen.

Diskriminazio estrukturala legedietan barneratzeak berdintasuna bultzatzeaz gainera, haren esanetan, egunerokoan gertatzen diren egoerak modu sakonago batean aztertzeko «betaurrekoak» emango dizkigu. Kasu zehatzak jarri zituen adibide gisa: «Orain gutxi irakurri nuen prentsan mutil batek salatu zuela diskriminazioa, diskoteka batean sartzeko kobratu zietelako, eta emakumeei, aldiz, dohain sartzen uzten zietelako», aipatu zuen Barrerek. Azaldu zuenez, tratu berdintasuna oinarri hartzen bada, pentsa daiteke ez zaiola arrazoirik falta, «baina, gizonak al dira egoera honetan diskriminatuak direnak?» galdegin zien berehala ikastaroan parte hartzen ari zirenei. «Diskriminazio estrukturalaren kontzeptua aintzat hartzen bada, ezin dugu horrelakorik esan, diskoteka honen jarrera baztertzailea da, emakumearen irudi estereotipatua erreproduzitzen ari delako, eta emakumeak gizonak erakartzeko baliatzen direlako», argudiatu zuen. Adibide interesgarri gehiago ere eman zituen berdintasuna bultzatu nahi eta legediak diskriminazioari uzten dion zirrikitua argudiatzeko.

Hala ere, zehaztu zuen nazioartean onartutako testu juridikoetan «ahalduntze» edo «empowerment» kontzeptua baliatzen dela eta horrek lagun dezakeela egoera hau saihesten. «Ahalduntzeak dakar mendekotasunaren gainean kontzientzia hartzea; eta jarrera hartzea ere bai, ordura arte dauden nagusitasun dinamikekin haustea baitakar. Kontzeptu hau testuetan jasotzen bada, eta jada egin da, koherentziarik gabekoa da emakumea diskriminatzen duten arrazoibideak baliatzea». Arazoa, baliabide guzti horiek testuetatik errealitatera salto egitea da, «baina estatuek onartzen dituzten testuak badira, horiek aplikatzea dagokie eta botere publikoak koherenteak izan daitezela bermatuz, gainera».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo