GARA > Idatzia > Ekonomia

Bizkaiko metalgintzaren jarduera %31 jaitsi da eta lanpostuak galduko ditu

Bizkaiko metalgintzako 160 enpresen artean egindako inkestaren arabera, alorrean jarduera %31 murriztu da urteko lehen seihilekoan. %44k lanpostuak murriztea beste erremediorik ez duela izango adierazi du.

GARA

Bizkaiko metalgintzako enpresen Federazioaren datuen arabera, beren alorrean jarduerak %31 egin du behera 2009ko lehen seihilekoan. Federazioko kideei egindako inkestetan oinarrituta Bizkaiko metalgintzaren egoerari buruz egindako diagnostiko «berritu eta zehatzak» azaleratu ditu datuok.

Diagnostiko horren arabera, enpresen %83ren lan-zamak «nekez betetzen du seihilekoa», eta %14ren lanak sei hilabete eta urtebeteren arteko epea betetzeko ematen du. Horren aurrean, eta analisiaren emaitzak ikusita, «kezka handia» azaldu zuen Federazioak.

Bizkaiko metalgintzako enpresak biltzen dituen erakundeko kide diren 160 enpresatatik jaso dute informazioa. Federazioak 1.050 enpresa hartzen ditu, guztira 40.000 laguni ematen diotela lana, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektoreko enpresa erakunde handiena da. Metalgintzaren barruan, siderurgia, burdinazkoa ez den metalgintza, fundizioa, automobil enpresa laguntzaileak, hornidura ondasunak, makina-tresna, industria mekanikoa, elektrika eta elektronikoa, etxe-tresnak, informazioaren teknologien industriak edota garraioetarako elementuen fabrikazioa hartzen ditu.

Pasa den irailaren 9an, Patxi Lopez lehendakariari azaldu zizkioten analisiak eskaini dituen datuak, Ajuria Enean izandako batzar batean, eta horrekin batera, Federazioko arduradunek sektorea jasaten ari den krisiaren aurrean duten «kezka handia» helarazi zioten.

Ignacio Saez de Gorbea Federazioko presidenteak azaldu zuenez, «inkestak egoera ezkorra islatzen du, eta etorkizunera begira dagoen mesfidantza eta ziurtasunik ezaren tamaina adierazten du». «Metalgintzako enpresaburuak ez dira baikorrak eta jarduerak izan dituen murrizketak sektorearen erabateko ikuspena baldintzatzen dute», esan zuen.

Inkestak dioenez, azken bi hilabeteotan, barne merkatuan, eskaeren atala murriztu egin da enpresen %49n, %39n egonkortu, eta %12an baino ez da hazi. Kanpoko merkatuetan, enkarguak egonkortu dira enpresen %58n, behera egin dute %29n eta gainerako %13an hazi egin dira.

Bestalde, «merkatuaren kontrakzio nabarmenak metalgintzako enpresen produzitzeko ahalmena gutxiegi erabiltzea ekarri du». Izan ere, analisiak dioenez, industrien %52k onartzen du bere ahalmenaren erdia ez duela betetzen, eta %39k produzitzeko duen ahalmena %50 eta %75ren artean kokatzen du.

Gauzak horrela, Bizkaiko metalgintzako enpresen %44k lanpostuak murriztu egin beharko dituela onartzen du, eta %5ek baino ez du agertzen lanpostu berriak sortzeko asmoa.

Krisiari aurre egiteko, hamar enpresatatik sei merkatuak zabaltzearen alde edota produktibitatean hobekuntzak egitearen alde dago, eta lautik bat prest dago berrikuntzaren bidez produktua hobetzeko. Enpresen %17k azaltzen du, aldiz, bere produktuak hobetzeko aukerarik ez duela.

Berankortasuna, bestalde, arazoa da enpresen %24rentzat, eta gainerakoek horrekin arazo handirik ez dutela diote. Ordaintzeko epeak luzatzea, berriz, arazo larria da %92ren iritziz.

Inkestaren arabera, enpresen %41ek likideziarekin ez du arazorik, eta %28k aktibo zirkulatzailea finantzatzea behar du. Ibilgetuaren finantziaziori dagokionez, %26rentzat arazoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo