GARA > Idatzia > Kultura

Umeei zuzenduriko dantza garaikide ikusgarria, Biarrizko Maitaldia agurtu aurretik

p051_f01.jpg

Ainize BUTRON |

Maitaldia dantza jaialdiaren azken ikusgarriak preziatzeko aukera izango dute ikusleek. Igandean ateak itxiko ditu, baina, aurretik ere zer preziatu eta ezagutzeko aukera izango da. Ariadone konpainiaren «Uchuu-Cabaret», Kukai-Tanttaka taldearen «Hnuy Illa» eta Nederlands Dans Theater 1 konpainiaren «Schoot the Moon/ Vanishing Twin/ The Second Person» ikusgarri nagusiak azalduko dira gaur eta bihar gauean. Gauera arte itxaron gabe, haurrei ere hitzordu bat jarri diete Colisée aretoan Kelemenis et Cie taldearen «L'Amoureuse Monsieur Muscle».

Hiru dantzari biltzen dira gorputza ardatz nagusitzat duen ikusgarri horretan. Dantza garaikidean oinarriturik Kelemenis konpainiak umeei zuzendurik egindako lehenengo lana da «L'Amoureuse Monsieur muscle». «Gorputzaren ardatz nagusia hartu zuen koreografoak obra lantzerakoan», argitu zuten Olivier, Bastien eta Caroline dantzariek.

«Dantza garaikidean oinarrituriko ikusgarria izan behar zuen, beraz, gure arteko antzerki jokoak barnatu ditugu haurrentzat ulergarria izateko», nabarmendu zuten.

«L'Amoureuse Monsieur Muscle» obrak, berrogei minutu irauten ditu. Osoki dantzaren bidez landua, berrogeita hamar bat aldiz azaldua izan zaio publikoari. «Parean dugun publikoaren araberako ikusgarria eskaintzen dugu. Batzuetan gertatu zaigu erritmoa azkartzera behartuak izatea, besteetan, berriz apaltzera. Adinaren arabera, umeek jarrera ezberdinak azaltzen dituzte», erran zuten.

Ikusgarria gorputzaren ezagutza labur baten bidez abiatzen dute, eta, ondotik, hiru pertsonaia nagusiak agertzen dira, hau da, Monsieur Muscle, Anatole eta Amorosa. «Ez dago batere testurik, irudiek ulermenari laguntzen diote, eta gehienetan barregarri egiten zaie obra. Interesgarria izaten da haurren jarrera ikustea obra bat egiten delarik bat-batekotasun gehiago baitute. Helduak kontu handiagoarekin ibiltzen dira», bukatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo