GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

VUELTA 2009 19ª etapa

Vuelta-tik bueltan

Oraindik Vueltan gaude, baina burua jada etxera bueltan daukagu gehienok. Ia-ia hilabete pasa zaigu Vuelta honi hasiera emateko Holanda aldera abiatu ginenetik. Lekutan geratzen da une hura; beste lasterketa bat izan zelako irudipena daukat, agian beste herrialde batean izan zelako, beste etapa klase batzuk zirelako edo segur aski ordutik milaka pedalkada, milioika bihotz taupada, putzak edarrak eta makinatxo bat izerdi litro bota behar izan ditugulako Assen-etik Madrilerako bidean.

Hilabete honetan, kazetari lantxoak egiteko aukera ere eman digu Gara egunkariak, eta askotarako eman badigu ere, beste kontu pila bat kontatzeko gogoz geratu gara. Aitortu behar dizuet, ordenagailuan gordeta ditugula bukatutako zutabetxoren bat edo beste, baina itzulia bukatu zaigula hauek argitaratzeko denborarik gabe, eta beste hainbat ideia airean geratu zaizkigula arrazoi bat edo beste tarteko.

Pentsatzen jarri naiz eta gaurkoa da idatziko dudan azken zutabetxoa, biharko agurraren aurretik, eta egun guzti hauetan Markel eta bion arteko ika-mika ugari kontatu badizkizuegu ere, lasterketaren berririk ez dizuegula kontatu konturatu gara. Hau marka hi! Burbuila antzeko batean bizi gara denbora guzti honetan, gure lasterketa beste ezer pasatzen ez delakoan munduan, eta hala ere, ez dizuegu kontatu nola jardun dugun bertan. Argi daukagu, datorren denboraldian, zutabetxo hau berriz betetzeko ez digutela deituko, edo deitzen badigute ere, kirolen atalean izan beharrean, «prentsa arroxa» edo txutxu-mutxuen sailerako hartuko gaituzte! Ja-ja-ja!

Ba, labur bada ere, erlojupekoa eta azken omenaldi etaparen faltan, Vueltatik etxera bueltan daukagu burua, eta edizio hau nola joan zaigun kontatzea erabaki dugu:

Taldea osatzen dugun bederatzi txirrindulariok, helburu bakarrarekin etorri ginen. Samuelekin sailkapen nagusia lehiatzea. Horrek lotura handia eskatzen du eta tartean helburu txiki asko hipotekatu beharra dakar berarekin, baina helburua lortuz gero, saria ere handiagoa izango dela jakinda, itxaropentsu abiatu ginen Assen aldera. Hasierako egunetan, tentsio egoerak eta erorketak saihesteko gure taldeburua tropelean, kokapen egokian, ahalik eta energia gutxien alferrik galduz joatea zen helburua, horretarako haizearen aurrean babesa eskaini, jan-edana edo beharrezko beste edozein gauzaren bila autoraino jaitsi eta berriz aurrerantz igo eta abar egiten genuen. Horretan zeresan handia izan du Oñatiko morroskoak. Tartean, ihesaldiak antolatzen zirenean gutariko baten bat egotea ere garrantzitsua zen, ondoren tropelean erantzukizuna beste batzuek har zezaten.

Errepidea maldan gora jartzen zenean, azken unera arte bere alboan egon eta ezer behar bazuen erraztea zen nire betebeharra. Ahalik eta hobekien egin dugu gure lana eta horren ondorioz, gaurko erlojupekoan gertatuko denaren zain bigarren postuan kokatua dugu gure taldeburua. Erlojupekoan ordea, ez dago talde lana egiterik, bakarka erakutsi behar noraino iristen den bakoitza, eta beraz (Garik bere kantuan dioen bezala) «Esperantzara kondenaturik» gaude. Gertatutakoa gertatuta ere guk gure lana bete dugu eta emaitza ona edo oso ona izango dela uste dugu.

Hala bada, hau izan da labur esanda kirol arloan egin duguna, eta gainerako txutxu-mutxuak badakizkizue aurreko egunetako zutabetxoei esker. Azken zutabetxo horrekin agurtuko dugu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo