GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

ACB Superkopa

Bartzelona eta Real Madril ukiezinak diren ikusi behar

Gaur gauean, 22.00etatik aurrera ekingo du Caja Laboral Baskoniak 2009-10 sasoia Real Madrilen aurka. Bartzelona izango da sari hau irabazteko faboritoa.

p029_f02_097x116.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Ate joka hasi da 2009-10 sasoia eta, azken urteotako ohiturari jarraituz, ACB Superkopa jokatuz ekingo diote, ACB Liga hasi baino astebete lehenago. Aurten Kanariar irletan jokatuko da aipatu sariketa, eta betiko moduan, hantxe da Gasteizko taldea ere, Tau Baskonia izatetik Caja Laboral Baskonia izatera pasa dena.

Superkopa gaur arratsaldean, 18.30an, hasiko da Kanaria Handia eta Bartzelonaren arteko finalerdiarekin. Dusko Ivanovic-en taldeak 22.00etatik aurrera ekingo dio lanari, Ettore Messinak zuzentzen duen Real Madrilen aurka, hain justu. Azken urteotan ACB Superkopa Gasteizera etorri bada ere, badirudi aurten lan txarrak dituela euskal ordezkariak. Batetik, Real Madrilek eta Bartzelonak -Xavi Pascualen taldeak batik bat- taldea asko indartu dutelako, eta bestetik, lau baja garrantzitsu izango dituelako talde baskonistak: Hermann, Oleson, Huertas eta Eliyahu, hain zuzen. Gasteizko zaleek umorez hartu dute kontua, taldearen izen berriari aldaketatxo bat eginez. Hala, Caja Laboral Baskonia Baja Laboral Baskonia bihurtu dute.

Jokalari kuttunak, arerio berriak

Real Madrilen Baskoniako zaleen jokalari kuttun zenbaitek jokatuko dute: Sergi Vidal eta Pablo Prigioni batik bat. Lagunok orain arerio dira, ordea, eta jokalari berriok izar ohi hauen lekua bete beharko dute. Hala, Pau Ribas antolatzailearen hitzetan, «Real Madrilen baskonista ohi asko dagoenez gero, elkarren aurka jokatzeko irrikaz gaude. Gainera, madrildarrak eta Bartzelonakoak harro daude aurten fitxaketa asko egin dituztela-eta; bada, guk ez dugu gutxiago izan nahi eta beraien parean egoten saiatuko gara».

Finala bihar jokatuko da. Hirukoen eta mateen sariketak izango dira 18.00etan hasita. Hirukoen lehian, Carl English baskonistak parte hartuko du eta Antwain Barbour Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalariak, mate sariketan. Finala, berriz, 19.00etan hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo