GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Askapeneko brigaden balorazioa

Oztopoen gainetik elkartasuna nagusitu dela aldarrikatu dute

Aurtengoan Askapenak antolatutako brigadetan parte hartu duten lagunak Altsasun bildu dira bizipenak trukatu eta egindako lanaren inguruko hausnarketa egiteko helburuarekin. Bidean aurkitutako harrien gainetik, herrien arteko elkartasuna presente egon dela azpimarratu dute.

p024_f01_199x096.jpg

Ruben PASCUAL

Bidaiak baloratzeko unerik egokiena haien amaiera dela esan ohi da. Ez dago, une batez besterik ez bada ere, pentsatu eta hausnarketa egiteko tartetxoa hartzea bezalakorik. Askapena talde internazionalistako kideek ederki asko dakite hori, eta horretarako bildu ziren Altsasun (Nafarroa), aurtengo brigadek egindako lanaren balorazioa egiteko.

Askapenako kideak pozik agertu ziren «etxeko lanak txukun eginda» itzuli direlako Euskal Herrira.

Mugimendu internazionalistaren esanetan, asko eta asko izan dira bizitako esperientzia aberasgarriak. Tartean, Uruguaira joandako brigadak kontatu zuena.

Bertan, Filtroko sarraskiaren (hiru euskal errefuxiaturen estradizioaren aurkako protesta batean parte hartzen ari ziren bi gazte hil zituen poliziak) 15. urteurrena igaro zuten, eta urtero egiten den manifestaldia prestatzen lagundu zuten; Norma Morronik (hildakoetako baten ama) Euskal Herrira eginiko bidaia prestatu zuten, halaber. «Norma gure herrira etorri izana Euskal Herriak eta Uruguaik elkarri zor zioten zerbait zen eta ederki ase gaitu bi herriok; eta zorionez, Norma bera ere bai», adierazi zuten harro brigadako kideek.

Brigada El Salvadorrera

Pakito Arriaran arrasatearra hil zuteneko 25. urtemugan, aspaldiko partez Askapenak brigada bat bidali zuen El Salvadorrera. Honduras eta Nikaragua ere bisitatu zuten talde internazionalista honetako kideek.

Gainera, Bolivia eta Venezuela bisitatu duten gainerako brigadek «aldaketarako itxaropena errealitate bat» dela baieztatu ahal izan dute.

Kuba, Mexiko eta Sardinian ere izan ziren Askapenako kideak.

Hala ere, eginiko bidean harriak ere ez dira falta izan. Askapenak salatu zuenez, «Israelek ez zuen baimenik eman Palestinarako brigadistetako bi Tel-Aviveko aireportutik atera zitezen» eta Madrilerako bidea hartzera derrigortu zituzten, bertan ere Polizia espainola zain izan zutelarik. Talde internazionalistaren aburuz, «mingarria bezain alferrikakoa da brigadistei Palestinan sartzen ez uztea». Izan ere, jarrera horiekin «elkartasuna azkartzea besterik ez dute lortuko».

Wallmapura (maputxeen herria, Txilek eta Argentinak okupatuta dutena) joandako brigadistek ere «sekulako jazarpen eta kriminalizazio mediatikoa» jasan behar izan zuten «Txileko hedabide atzerakoien eskutik».

Herri maputxea lurrak berreskuratzearen aldeko borrokan zeharo murgilduta dago eta etengabe pairatzen ari da Txileko Poliziaren errepresioa. Honen harira, Bacheleten Gobernuak eta haren Poliziak maputxeak armen erabileran eta gerrilla taktiketan trebatzea egotzi zieten gazte euskaldunei.

Ondorioz, Puelmapura (Argentinaren kontrolpeko zatia) egindako bidaia batetik bueltan, Txile Estatura sartzea eragotzi zieten, «segurtasun arrazoiak» aitzakiatzat hartuta.

Arazoak arazo, Askapenak elkartasun internazionalista indartsuago baten alde egitera animatu zuen. «Hamaika herri eta prozesu egonik ere, mundu bat eta bera dugu bere alde borroka egiteko eta bide horretan herriok elkartasun internazionalista ezinbestekoa dugu».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo