GARA > Idatzia > Kultura

AIPAGARRIAK

Kulturgintzan eragitea xede, Euskaltzaindiak eta Atxagak sortutako «Erlea» aldizkariak

Euskaltzaindiaren 90. urteurrenarekin batera iritsi da «Erlea» kultur aldizkaria. Lau hilean behin kaleratuko da Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean. Lehenengo begiratuan, mardultasuna eta Pamiela argitaletxearen diseinu dotorea agerian gelditzen dira. Eduki aldetik, han eta hemengo idazleen testu, poema eta gomendioak topatuko ditugu. Ale bakoitzak atmosfera jakin bat izango du. Lehenengoa Nevadako «Far West» giroan murgilduko da.

p050_f01.jpg

Ane ARRUTI |

«Gizartearekin harreman handiagoa izan nahi luke Euskaltzaindiak, eta partaide izan, zuzenago eta zabalago, kulturgintzan. Horretarako, sortu da “Erlea”, literaturarekin lotutako aldizkaria». Honela aurkezten da lehenengo aletik Bernardo Atxaga euskaltzain osoaren proiektu berria, «liburu-aldizkari» definitu zuena.

Euskaltzaindiaren 90. urteurrenean dator “Erlea”. Lau hilean behin argitaratuko da. Diseinua eta edizioa Pamiela argitaletxearen esku dago eta euskal literaturaz gain, mundu zabaleko idazleek ere izango dute tartea. Izan ere, ale bakoitzak «atmosfera» jakin bat izango duela azaldu zuen Atxagak eta testua eta argazkiak unibertso horrekin lotutakoak izango dira. Lehenengo alean Mendebalde urruna ageri da, Atxagak Nevadan pasatako denboraren ondorio edo erakusgarri. Oraingoz, hamar ale kaleratzea aurreikusi dute eta datozen hiru aldizkarietan, atmosfera horiek Irlanda, Afrika eta Suedia izango direla iragarri zuen Atxagak.

Parte hartu duten idazleen artean dira: Kepa Altonaga, Pablo Antoñana, Joxean Artze, Xabier Lete, Harkaitz Cano, Joxemari Iturralde, Mariasun Landa, Ania Miner, Kirmen Uribe, Iban Zaldua eta Anjel Lertxundi, besteak beste. Baita William Douglass, Monique eta Bruce Laxalt eta Justin Webster ere. «Bizi zaren tokian zentro bat egiten duzu edo periferia hutsa zara. Mundua periferia herrialdez beteta dago», adierazi zuen atzo Bernardo Atxagak eta, horregatik, Euskal Herriko idazleek presentzia handiagoa izango dute itzulitakoek baino. «Estra» lan ugari dagoen arren, «nire bizitzan lehenengo aldiz aldizkari profesional batean nago», azaldu zuen Atxagak.

1.700 ale, 17.000 helburu

Aldizkariaren izenaren azpian, azpititulu bitxia erantsi diote: «Erlea. 1.700en aldizkaria». «1.700 ale atera ditugu eta 1.700 erosle ditugu buruan. Irakurle horien inguruan dabil, izan muga edo ez», azaldu zuen Atxagak. «Euskaldunok muga bat gainditu dugu, badugu gune sendo bat, euskal literatura sustatzeko gutxieneko irakurle kopuru bat. Orain erremediorik gabe, aurrera joan behar dugu». Gutxienekoa zehaztuta, orain 17.000ren bila joatea litzatekeela helburua esan zuen asteasuarrak.

Egitura aldetik ere, ahalegin berezia egin du Atxagak eta atal guztiak goitik behera pentsatu ditu. «Nevadan egindako lana da. Igande arratsaldero liburutegi batera joaten ginen eta mundu osoko ehunka aldizkari aztertzen nituen». Gauzak honela, aldizkariaren «atal kritikoa», esaterako, beti elkarrizketa moduan ageriko da. Poemak, berriz, ez dira inoiz isolatuta azalduko, alboan idazlearen azalpenak izango dituzte, lehenengo ale honetako Koldo Izagirreren poemak, kasu.

Elkarrizketak egiteko modu ezohikoa hautatu dute. Elkarrizketatuari hamar objektu aukeratzeko eskatuko diote eta ondoren horren gainean solastatuko dira. Mikel Laboa izan zen aukeraketa hori egiten lehena, baina ez zen elkarrizketa hori egiterik izan eta Marisol Bastida alargunak hitz egiten du penizilina, gitarra edo Zumetaren txorien inguruan.

Gordeta dauden testuen sailean, 1902an “Eskualduna” aldizkarian argitaratutako “Zaldiaren ezagutza” berreskuratu du Kepa Altonagak eta “Urrezko liburutegia” deiturikoan, «gure etxeetan falta ezin diren liburuak» gomendatuko dituzte. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo