GARA > Idatzia > Kultura

Gabriel Arestiren bertsoak errezitatuko dituzte 50 idazlek Bilboko Poesiaren Astean

GARA | BILBO

Hamar urte dira jada Bilboko Poesia Astea ospatzen denetik. Gaur hasi eta datorren asteartera bitarte, Bidebarrietako liburutegian musika emanaldiak eta poesia errezitaldiak izango dira protagonista.

Gaurkoan, 19.30etik aurrera, Gabriel Aresti bilbotar poetaren jaiotzaren egunarekin bat eginez, emanaldi ikusgarria gauzatuko dute Poesia Asteari hasiera emateko. «Bizkaitarra» eta «Maldan behera» olerkien 50. urteurrena betetzen dela aprobetxatuz, 50 idazle euskaldunek bilbotarraren poemak errezitatuko dituzte bata bestearen atzetik.

Bestalde, bihar ordu berean, Antonio Gamoneda, gazteleraz idazten duen poeta sarituenetakoa, izango da protagonista. «Un armario lleno de sombra» bere azken liburuaren izenburu berbera eramango du Jose Fernandez de la Sota olerkari bilbotarrak aurkeztutako ekitaldiak.

Ostiralean, ospakizuna

Hamar urte ez dira egunero betetzen eta hori ospatzeko urteurreneko jaia antolatu dute ostiralerako. Bidebarrietako ekitaldien aretoan aurreko edizioetan parte hartu duten hamar idazlek euren poesiak irakurriko dituzte euskaraz, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez.

Asteburuan ere ekimen ezberdinez josi dute Poesia Astea. Deigarriena, Alde Zaharrean zehar egingo den «Curva Chiusa» izeneko poesia irakurketa eta bizikleta martxa. Erroman bizi den Alex Mendizabal musikari esperimentalak antolatutako ekimena izango da. Bestalde, udal liburutegian Umeentzako VII. Poesia lehiaketaren sari banaketa ere egingo da Antzezkizuna txotxongilo taldeak animatuta.

Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Josu Eizagirrek sortutako «Bar Puerto» ikuskizunak ere hamar urte betetzen ditu aurten eta aste honetan berriro ikusteko aukera izango da, igandean, 20.00etatik aurrera, bost euroren truke.

Aurretik, igandean, 13.00etan, Iñaki Salbador Donostiako piano-jotzaileak zuzentzen duen jazz taldea entzuteko aukera izango da. Joan Manuel Serrat, Atahualpa Yupanqui, Silvio Rodriguez edo Pedro Guerraren musika Eduardo Galeano, Mario Benedetti, Chico Buarque, Joseba Sarrionaindia edo Mikel Laboaren testuekin konbinatzen dituen kontzertu poetikoa eskainiko dute bi antzezleren laguntzarekin. 18.00etan, berriz, Jose Angel Irigaraik, Carlos Jimenez piano-jotzailearen laguntzarekin, «Siete poetas vascos» argitaratu berri duen liburuko bertsoak irakurriko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo