GARA > Idatzia > Kultura

Nerabezaroko konplexu eta fantasiak, liburu banatan

Gazte literaturarekin itzuli da Jasone Osoro idazle elgoibartarra. «Ezekiel» izeneko eleberrian hamalau urteko mutiko baten zalantza, konplexu eta gaizki ulertuak kontatzen ditu. Bestalde, Cornelia Funke alemaniarraren «Tinta-bihotz» itzuli du Naroa Zubillagak.
p041_f01_148x104.jpg

A. A. | DONOSTIA

Pare bat urte pasa dira Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) «Jara» eta «Jara Bartzelonan» kaleratu zituenetik. Neska nerabe baten bizipenetan murgildu zen orduan eta oraingoan ere, gazte literatura jorratu du «Ezekiel» (Elkar) liburuarekin. Ezberdintasun nabarmen bat dago ordutik hona: protagonista hamahiru urteko neska izan beharrean, hamalau urteko mutikoa da. «Orduan nire nerabezaroaz oroitzen nuena izan nuen oinarri. `Ezekiel' idazteko asko galdetu dut, batez ere, nire bikotekideari. Asko aldatzen baita bizitza ikusteko edo ulertzeko modua», azaldu zuen Osorok. Lanbidez kazetaria, elgoibartarrarenak dira «Tentazioak» eta «Korapiloak» liburuak, baita «Greta» nobela ere.

Lau laguneko mutil koadrilako kidea da Ezekiel. Egun batean, lokalean sartuta berriketan ari direla, inork ez duela oraindik neska bat musukatu ohartzen dira. Horri erremedioa jarri nahian apustua egingo dute, ea nork lortu lehenago. «Apustu horretatik gaizki ulertuak eta haserreak sortuko dira. Azkenean, guztiek jasandako hormonen iraultza horren eragina jasango dute denek», esan zuen idazleak.

Ezekiel, gainera, ama eta arrebarekin bizi da etxean, «bizitza arrosa» batean, eta, ondorioz, ez du «erreferentzia maskulinorik». Hortik lagunek jarri dioten eta batere gogoko ez duen Ros ezizena. Istorioan zehar «Ezekiel izan nahi duela aldarrikatuko du eta ez Ros, ezizen horrek bere konplexu eta segurtasunik ezak ezkutatzen baititu».

«Tinta-bihotz»

Haur eta gazte literaturan ale mordoxka argitaratuta dituen Cornelia Funke (Dorst, 1958) idazle alemaniarraren «Tinta-bihotz» (Elkar) euskaratu du Naroa Zubillagak. «Anbizio handiarekin» idatzitako fantasiazko eleberria da, «Mundu-tinta» trilogiako lehenengo alea, hain zuzen. Pasa den urtean, gainera, Iain Softleyk pantaila handira eraman zuen.

Mo eta Meggie aita-alaben istorioa kontatzen du liburuak. Aintzinako liburuak zaharberritzen ditu Mok eta bere alaba irakurle amorratua da. Gau batean, gizon misteriotsu bat agertuko da haien etxeko leiho atzean eta, handik aurrera, abenturaz beteriko bidaiari ekingo diote liburu berezi baten bila. Bidaian zehar Meggiek bere bizitzako misterio handiena argituko du: bere amaren desagertzea.

Cornelia Funkek Pedagogia ikasi zuen eta, liburuak idazteaz gain, marrazkiak ere egiten ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo