GARA > Idatzia > Kultura

«Hemen benetako autodeterminazioa gure kultur eredu propioa egitea da»

p040_f01_97x140.jpg

Joxerra Garzia

2009 Abaddia saria

Joserra Garziak (Legazpi, 1953) kazetaritza eta filosofia ikasketak burutu zituen Bartzelonan aurrena eta Alemanian gero. Irakaskuntzan lan egin ostean, Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan aritu zen, besteak beste «Lumaz» eta «Hitzetik hortzera» saioetan, eta EHUko Informazio Zientzien fakultatean irakasle da egun. Aurten, Abbadia saria jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Anartz BILBAO | BILBO

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo iragarri zuen Joxerra Garzia hautatu duela 2009ko Abbadia saria jasotzeko, euskararen alde egindako lan andanagatik. «Hitzaren langile, buruargi eta nekaezin», epaimahaikoen esanetan, Garziak «euskararen erabilera duin eta imajinatibo bat sustatu du, gaztelaniaren menpekotasunetik urruti».

Orain arte ikasle izandakoen estimazioa izan du plazerik handiena Garziak, eta «harrituta» zegoen atzo, abenduan Abbadia saria jasoko zuela jakinda. «Ez dakit erretiratu nahi nauten», esan omen zien lagunei umoretsu, berria ezagutzean. Izan ere, «erretiratzeko amorratzen nago» aitortu zigun berak, «lan egiten hasi ahal izateko», unibertsitatean eta lanerako gauzak gaiztotzen ari direla iritzita. «Papeleo mordo bat egin behar duzu lanean hasterako eta gero jada nekatuta zaude».

Gipuzkoako Aldundiak 1996an sortu zuen Abbadia saria (12.000 euro eta domina batez osatua), «euskararen normalizazioan nabarmendu» diren elkarte edo gizabanakoak omentzeko. Eta gaia ahotan hartuta, hausnarketarako baliatu du Garziak. «Normalizazioa zeri esaten zaio?» galdetzen du «euskararentzat fisika irabazi baina agian koadrila galdu» ote dugun beldur den irakasleak, nahiz eta oro har orain berrogei urte baino hobeto gaudela onartu. «Orduan euskarak balio zuen adarra jotzeko... mila gauza pribatuetarako». Eta ez zuen balio «jendeaurreko gauzetarako, fisika irakasteko....», gogorarazi digu.

Horregatik poztu omen da Euskaltzaindiaren 90. urtemugako ospakizunetan Urrutia euskaltzainburuak esandakoak entzunda, «batzuk orain bost urte esan eta esan ari garena». Izan ere, Informazio Zientzia eta Publizitatean doktore den Garziak urtero ikusten du «ikasle majoak, gaitasun handikoak, euskaltzaleak», berak emandako azalpenak entzun ostean, atsedenaldietan «erdaraz jarduten» direla, urtetik urtera nabarmenago. Harrigarriro, «ez dakite gozatzen, ez dakite ziria sartzen euskaraz» konturatu da irakaslea, «eta aldi berean ez dakite erdaraz ikasten ere». Eta hori ikusita, euskara «gauza akademikoegia» bihurtu ez ote dugun darabil buruan, Koldo Izagirrerekin bat etorrita (mundu guztiak irakurri beharko luke aspaldi egin zuen «Euskal Lokuzioak» liburuaren hitzaurrea, gomendatzen digu legazpiarrak). «Arautu eta normaldu behar zen euskara, bai, baina galtzen badugu `euskara eta plazera' ekuazioa, alferrik ari gara normalkuntza eta abarrekin». Kontua laburtzeko, «hiztunak haserretzen denean bere haserrea baretuko dion biraoak behar ditu» bota digu legazpiarrak, -ez zaigu ahaztu behar hemen ez dagoela elebakarrik momentu honetan, eta denok garela, gutxienez, elebidunak- «eta hizkuntza batek eskaintzen badizu `hijoputa' eta beste batek `tontolapiko'...».

Ikasleekin duen harremanak erakutsi dionez, «euskara eta gozamena oso nekez ezkontzen zaie gaurko gazteei», dio Garzia irakasleak, «beldur naiz gaurko gazteei ikasteko balio diela bakarrik euskarak, eta ez benetan axola zaien ezertarako». Beraren esanetan, hizkuntzek ez dute eskubiderik, hiztunek dituzte eskubideak, «gozatu edo putaseme izateko beraien hizkuntzan». Eta kontu honetan Mitxelenarekin bat egiten du, «aizkora bat ez da ona kirten polita zuenean, ondo mozten duenean baino» esaten zuenean. Eta euskara ona izango da «hiztunari bere bizibeharrak asetzeko» balio badio. Bestela, «zuzena edo polita izango da», besterik gabe.

Azken hausnarketak Euskaltzaindira eraman gaitu, eta galderaz xaxatu ostean, «ni erakundeari ziria sartzearen aldekoa izan naiz, baina Euskaltzaindiak egin behar zuena egin du», dio Garziak argi eta garbi. Batasunaren eta normalkuntzaren borroka beharrezkoa zen, «baina euskara batu teoriko batetik, batu soziologiko bat sortu dugu denon artean, murriztailea» (Pello Salaburuk esan bezala). Murrizketa horren kontrako «alarma jarri» nahi du irakasleak, argi baitu «benetako premiei erantzuten ez dien hizkuntza bat eginez gero», hainbeste maite dugun euskaratik «desertatu» egingo dugula.

Garziak, Andoni Egaña eta Kike Amonarrizekin, Euskararen Kalitatearen Txostena egin zuen orain bost urte, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, «Gobernuak onartu zuena». Onartzen du euskara oso baztertuta egon dela, eta legez babestu beharra dagoela, «borrokatu behar dugu horren alde», baina atsekabetzen du egungo egoerak, eta hori du kezka, «hizkuntza benetako beharrekin lotzearekin eta gozagarri izatearekin», hori galtzen ari baita. «Ezagutza ikaragarri igo da, baina erabilera ez».

Alor asko ukitu ditu Garziak, eta komunikabideetan ere jardundakoa da. «Gurea bezalako kultura batek bere burua babesteko bi tresna nagusi ditu, komunikabideak eta euskara» esan digu komunikabideez galdetuta, eta «biak oso gaizki erabiltzen ari gara» egin digu diagnostikoa, euskaraz ari den Euskadi Gaztea «negargarria» adibide jarrita. Eskolan ere «oso estandar ari omen gara arauei lotuta. «Normalkuntza bermatuko diguten tresnak dira», eta Estatu espainolari begira ari gara, «Europako eredurik txarrena ispilu hartuta», Andu Lertxundik esan bezala.

«Ezin dugu imitazioz jardun etengabe», kezka azaldu du. «Ez dugu adorerik gure eredu propioa asmatzeko, eta beharrezkoa dugu hori, bestela gureak egin du». Homologazio konplexu batek jota omen gaude, eta hemen, benetako autodeterminazioa «gure kultur eredu propioa egitea litzateke, hezkuntza eta hedabideetako eredu propio bat». Eta ez du ikusten kemenik, «ez lehengo agintariekin, ez oraingoekin».

Agurtu aurretik, oso ezkor ikusi dugula aitortu diogu Garziari, eta «ezkor bai, baina gerra emateko prest», argi utzi digu berak, Llachen «Agure Zaharra» kantua, Leteren itzulpenean, gogorarazi, eta etsita edo konforme ez dagoela azalduta: «Munduan hobekuntza gehienak ezkortasunetik abiatuta egin dira».

 
premiak

«Benetako premia edo beharrei erantzuten ez dien hizkuntza bat eginez gero, hainbeste maite dugun euskaratik desertatu egingo du hiztunak»

gozamena

«Euskara eta gozamena oso nekez ezkontzen zaie egungo gazteei, eta beldur naiz soilik ikasteko balio diela euskarak, ez benetan axola zaien ezertarako»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo