GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Idazle iheslariak

 

Cesare Battisti idazle ezaguna da mundu zibilizatuan, alegia, Espainiatik kanpo. 70eko hamarkadan atxilotu zuten Komunismorako Armaturiko Proletarioak taldeko kide izatea egotzita. Handik gutxira itzalpetik ihes egitea lortu zuen, eta Frantzian deserriratu zen. Italiak behin baino gehiagotan eskatu zion Frantziari Battistiren estradizioa, baina Mitterranden gobernuak babesa eman zion. Geroago nobela beltza idazten hasi zen, ez arrakasta gutxiz. Battistik berak bizitakoa eta fikzioa nahasten ditu, batik bat pertsonaiak sortzeko orduan. Iragana astun zaie, itxaropena galdu dute, ihesean dabiltza. Likidazionista bilakatu gabeko heroi amilduak dira, nolabait ere. Battisti 2007an berriz hartu zuten gatibu, Brasilen. Burokrazia bere etxeraino iritsi zen, soilik burokraziak izan dezakeen mendeku gosez. Sistematikoa da burokrazia, helburua mugaz ezkerrera ibilitako norbait atxilo hartzea denean. Baina nazioarteko idazleen babesa lortu zuen, eta berriz askatu zuten. Daniel Pennac, Gabriel Garcia Marquez, Bernard Henry-Levy, Fred Vargas… idazle handiak guztiak ere. Horien artean gerora ospetsu egin zen idazle bat aurkitu daiteke: Roberto Saviano. Denek gogoratuko duzue mafiaren inguruan idatzitako liburua. Idazle serioa eta errukigarria zirudien hasieran. Mafiaren tiraniari ihes egindakoa. Baina berehala hasi zen Espainiako kazetarien artean konpainia txarrak aukeratzen. Konpainia horiek azkar eraman zuten famarantz, eta, bidenabar, gezurraren mundu groteskorantz. Eta orduantxe hasi zen ETA kokainaren trafikoarekin lotzen, ez hanka ez bururik ez duen teoria aldrebes bati eutsiz. Idazle zorrotz izandako hura, feriako pailazo bilakatuta. Eta behin lema galduta, Battistiri ere atxikimendua kendu zion, Battistiren ustezko «biktimekiko errespetuz». Zein azkar ekartzen ditu Madrilek gerturatzen zaizkion ahotsak bere korora! 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo