GARA > Idatzia > Kultura

Manuel Iradier eta Fidel Castroren biografia berriak aurkeztu ditu Elkar-ek

p040_f03_88x124.jpg

GARA | DONOSTIA

Elkar argitaletxeak Manuel Iradier eta Fidel Castroren biografiak aurkeztu zituen atzo. Ramon Olasagasti eta Pedro Zuberogoitia izan dira, hurrenez hurren, esploratzaile gasteiztarraren eta agintari kubatarraren bizitzak azaltzeaz arduratu direnak.

Olasagastik adierazitakoaren arabera, Iradier ez da denik eta esploratzailerik ezagunena izango, baina bada, ziur asko, «gure esploratzaile handiena». Izan ere, abenturazale gasteiztarrak bidaiak ez zituen lurrak konkistatzearren egiten, barrutik ezagutu eta ikertzeko baizik.

«Iradierren alboan jarriko nukeen hitza `ameslaria' izango litzateke; izan ere, 20 urte bete berri, eta emaztea eta koinatarekin batera, Afrikara joan zen ia hiru urtez», azaldu zuen Olasagastik.

«Bertan gaixotasunak eta malariak jota ibili ziren -jarraitu zuen- baina beti hartzen zituzten jarraitzeko indarrak».

Haren izena behar bezala zabaldu eta sendotzeko hautatu du egileak Manuel Iradier, bere garaian ez zutela aintzat hartu iritzita, eta «liburu honen bidez ahanzturan erori ez dadin».

Afrikara egin zuen lehen bidaiaren ostean, Iradierrek jendearen aitorpena espero zuela esan zuen Olasagastik, baina ez zen halakorik gertatu, ordea. «Bidean penak eta minak topatu zituen, baita pozak ere. Bizitzan aldiz minak izan ziren nagusi», ondorioztatu zuen egileak.

Jarraian, Castroren bizimoduaren berri ematen duen lanari heldu zion Zuberogoitiak, «pertsonaia aski ezaguna eta gaur egun oraindik ere -egilearen hitzetan-, filiak eta fobiak sortzen dituena».

Eta hain zuzen, publikoa erdibituta izateagatik, Castro «erdiko puntuan» kokatu nahi izan du; jendea alde eta aurka nola kokatzen den ikustea «izugarria da». «Castro egun aktibo dago, nahiz eta agerpen publikorik ez egin; baina astero ematen ditu iritziak, munduko egoerari buruzkoak, Interneten», azaldu zuen idazleak.

«Indar telurikoa» duela esan zuen Zuberogoitiak, «naturatik kanpo» dagoen sasoia. «Politikarako balio du Castrok, baina berea adibide argia da, arriskatzen duenak zortea alde izaten duela».

Autoreak gaineratu zuenez, liburua idazteko orduan «ezinezkoa» egin zitzaion haren bizimodua eta Kubako Iraultza banatzea, «eskutik helduta» joan direlako bi gertaerak.

Lanaren amaieran, gaur egungo ikuspegia azaltzen du Zuberogoitiak, eta horretarako aipatu ditu orrietan, besteak beste, Obama nahiz Chavez, hauek ere «zerikusia» dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo