GARA > Idatzia > Kultura

Leidor antzokitik plazara, Bide Ertzean oholtza gainean dugu berriro

p041_f02_88x56.jpg

A. B. | BILBO

Hamar urte bete eta sonoritate propioa garatu ostean boskote gisa egonkortuta, iragan urtarrilean «Leidor Sessions» zuzenekoa grabatu eta cd/dvd batean kaleratu du Bide Ertzean Tolosako taldeak orain gutxi, jaiotzen ikusi zituen Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Eta plazara eramango du orain emaitza; hasteko, Bilbo, Andoain eta Bergaran hurrengo astean joko dituen zuzenekoetan.

«Leidor Sessions» lanak pop doinuak landu eta literaturarekin uztartzen maisu den taldearen ibilbidea laburtzen du, egungo Bide Ertzean zertan den erakusteaz gain. Taldekideen esanetan, «plazaratu ditugun diskoetan 70 kantu inguru emanak ditugu» eta, ondorioz, hautaketa baten ostean, «hogeiren bat hartu eta hiru hilabeteetan zehar landu eta gaurkotzea erabaki genuen». Izan ere, garai eta lan guztietako kantuak biltzen ditu «Leidor Sessions» diskoak, batzuk aspaldi zuzenean jo gabeak eta «urruti ikusten genituenak». Gainera, lanari balio erantsia ematen dion «Graffitti» kantu berria ere Leidorreko kontzertuan jo zuten aurrenekoz.

Emanaldiak, laukotean

Atzo iragarritako zuzenekoetan Fran Iturbe, Joni eta Ima Ubeda anaiak eta Karlos Aranzegik osatuko dute Bide Ertzean. Izan ere, Fitorekin biran hastear den Joserra Senperena gabe joko dute, laukotean.

Iragarri hiru plaza esanguratsuek, gainera, «emanaldi gehiagotarako bidea» egingo dute gero, eta taldeak aurrera jarraituko du pop doinuak garatzen. Horregatik, kontzertuok ez dira «Leidor Sessions» diskoan finkatuta egongo -«bakarra eta berezia izan zen hura»- eta kantuen hautaketak izango du aldaketaren bat edo beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo