GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Bixente Vrignon 2009/10/27

Hautatua, zertarako?

kazeta.info

Hauteskunde denbora, eta berriz ere partidoen mundua pil-pilean. Abertzaleak aipatu aintzin, on da ohartzea denak hunkituak direla, eta mugak ezabatzen ari direla. PSren ohiak Sarkozy-ren gobernamenduan sartzen dira; ekologistek, beren aldetik, ez dute baztertzen MoDem-ekin aliantzan sartzea. Luzaz xutik egon den harresia komunistak eta ezker muturraren artean, hondatu da.

Panorama honetan, abertzaleek hasten dute eskualde hauteskunde kanpaina. Kanpaina hasi aintzin, argi neurtzen da nola ttipitu den beren eremua: duela 10 urte oraindik, posible zelarik Ipar Euskal Herrian indarren neurtzea, eta pizu bat lortzea, gaurregun, ezinezkoa zaie kandidaturak esparru honetan mugatzea.

Bainan partidoak sortzen badira bizi politikoan, parte handi batean, hauteskundeetako da, ikusiz nola gure sozietatea antolatua den. Bai, politika baldintzatzen ahal da beste molde batzuetatik, besteen artean, abertzaleek frogatu dute nola politika bat aldarazten ahal dela karrikatik. Bainan argi da denentzat politika orokor bat eramaten ahal dela bakarrik poderean izaitea.

EAJ-PNB, Batasuna, AB, EA, horiek dira mementuko aktoreak, ez badira kondutan hartzen sortzen diren kolektibo eta elkarteak, mundu politikoan beren hitza eman nahi dutenak ere. Guzi horiek galdera berdina dute: nola parte hartu? Alta, hobe litake jakitea aintzinetik, zer lortzeko?

(...) Helburua bada, edozoin prezioan poderearen alde izaitea, bere politikan parte hartzeko, hautua argia da orduan: aliantza bat pasatu frantses egitura batekin, parioa eginez berak irabaziko duela Akitania eskualdea. Horrek badu prezio bat.

Euskara gehiago lortzeko, diru laguntza emendakin batzuentzat, partaidearen politika osoa irentsi beharko da, eta asumitu, boto emaileen aintzinean.

Alabaina, abertzaleek lortu dute azken 20 urte horietan euskal aldarrikapenetatik ateratzea (euskara, independentzia...), hurbiltzeko sozietatearen kezkeetara heltzeko: etxebizitza, langabezia, ingurumena, Abiadura Handiko Linea, laborantxa, elkartasuna hiri eta herri artean... dozier guzi horietan abertzaleak motore bat dira, edo bidelagun baitezpadakoa.

Horien aintzinaratzeko, zer litake estrategi hoberena neurtu beharko dute alderdi eta militante bakoitxak. Ainitzek pentsatuko dute erantzuna dela: baitezpadakoa da abertzale opzione bat proposatzea hautesleari. Ahal bezain zabal. Hortan ohartuko dira, demokraziak ez baldin badu preziorik... biziki kario kostatzen zaiela mugimendu politiko ttipiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo